Emakumezkoen Osasunak hitzordu garrantzitsua du bihar Albaceten eta taldeak dagoeneko Mantxarako bidea hartu du. Goiko postuetan jarraitu nahi dute gorritxoek eta horretarako ez dute huts egiterik.
Zazpi partidu gelditzen dira liga amaitzeko eta berez jaitsiera ekiditea jokoan dituzten arerioen aurka ariko dira jardunaldi gehienetan. Joaneko partidua ez zuten Taxoaren Albacete mendean hartzerik izan eta berdinketa erdietsi zuten gorritxoek, egun jaitsiera bost puntura duen taldearen aurka.
Gorritxoak aldiz ligako hirugarrenak dira, bigarren den Deportivorekin puntutan berdinduta. Galiziarrek dute hain zuzen ere oraintxe bertan igoera zuzena eskaintzen duen postua, liderra Barça B baita, eta honek ez baitu lehen mailara igotzerik.
Bolada onean da Kakun Mainzen taldea, eta liga berrekin zenetik jokatutako hiru partiduak irabazi dituzte.
Partidua bihar izango da, arratsaldeko lauetan, Albaceteko Andres Iniesta kirol hirian.
Osasunak Athletic Clubek San Mamesen apirilaren 4an 21:00etan jokatuko den Errege Kopako finalerdietako itzulerako partidarako bidali zituen 575 sarrerak zozketatu ditu. Zozketaren arabera, sarrera lortu duen lehen zenbakia 732 da, eta, beraz, sarrera bat eman zaie 732 eta 1.306 bitarteko zenbaki guztiei, biak barne. Izena eman duten guztiek mezu elektroniko bat jaso zuten, zozketan izan duten partaidetza-zenbakia adieraziz. Zenbaki hori kontsultatu behar da saria jaso duen egiaztatzeko.
Sarrerek 50 euroko prezioa dute eta martxoaren 27tik29ra, biak barne, erosi eta ordaindu ahal izango dira estadioko bulegoetan. Epe hori igarotakoan, sarreraren bat soberan egongo balitz, zozketan saritutako azkenaren ondoren hurrengo zenbakiei esleituko dizkie klubak, martxoaren 30ean eta 31n.
Egokitutako sarrera hartzen ez dituzten pertsonak zigortuko dituzte 22-23 denboraldiko zozketa gehiagotan parte hartzeko aukerarik izan gabe. Erakundeak gaur posta elektroniko eta SMS bidez harremanetan jarriko da saridunekin.