Chimy Avilak lesioa du ezker hankako soleoan

Iosu Ganuza Garcia 2023ko mar. 21a, 14:00

Ruben Peñak taldearekin osatu du lan saioa.

Gizonezkoen Osasunak ez du liga partidurik asteburuan baina entrenatzen jarraitzen du Jagoba Arrasateren taldeak. Darko Brasanac eta Unai Garciak ez dute taldekideekin entrenatu. Chimy Avilak ere ez du Taxoareko sorpoila zapaltzerik izan, egin dizkioten proba medikoek baieztatu baitute lesioa duela ezker hankako soleoan. Aurrelariak mina hartu zuen Vila-realen aurkako partidan.

Ohiko entrenamendu lan saioa osatu duena, aspaldiko partez, zehazki, urtarrilaren 5ean min hartu zuenetik, Ruben Peña izan da. Eskuineko hegalekoa laster izanen da lehiatzeko moduan baina gaurko entrenamendu osoa taldekideekin egin du. Berri ona zalantzarik gabe.

Gizonezkoen Osasunak bihar entrenatuko du eta gero hiru eguneko atsedena izanen du. Igandean bueltatuko dira lanera, martxoaren 31ko Mallorcaren aurkako partidua prestatzeko.

Emakumeak Albacetera begira

Emakumeen taldeak aldiz ez du atsedenik. Zazpi partidu erabakigarri dituzte eta huts egiteko alde gutxi izanen dute igoera zuzena lehiatu, zein play offera abantailarekin iristeko.

Coruñako Deportivorekin 41 puntura berdinduta daude gorritxoak, baina galiziarrek lortuko lukete liga horrela amaitzekotan igoera, gol-aldea haien alde izateagatik, bi partiduak irabazi dizkiete Kakun Mainzen neskei.

Berez ez dute egutegi zaila gorritxoek baina liga oso estu dago eta aurten agerian geratu da, puntuez gain, zelaian parekotasuna iza ndela nagusi.

Granadak du orain playofferako azken txartela ezartzen duen postua 38 punturekin, hogeita hamazazpi dituzte igoera lehiatzetik at dauden Dux Logroño  eta AEM. Hauek bi dira egutegi zailena dutena, goiko parteko taldeekin lehiatuko baitituzte partidu gehienak.

Osasunak aldiz jaitsiera jokoan duten taldeekin jokatuko ditu hurrengo jardunaldiak. Asteburuan jaitsiera bost puntura duen Albacete bisitatuko dute eta heldu den astean taulako azkena den Juan Grandek bisitatuko du Taxoare.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!