Ostegunean eztabaidatuko dituzte langile publikoen lan baldintzak hobetzeko urgentziaz Nafarroako Parlamentuan tramitatzen ari diren lege proposamenak. Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiek (PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu) eta EH Bilduk aurkeztu dituzte, eta aurrera aterako dira legegintzaldiaren azken aurreko osoko bilkuran."Albiste ona da akordioa lortu dugulako", adierazi du PSNko Ramon Alzorrizek. "Langileen lan baldintzat hobetuz, eskaintzen dugun zerbitzuaren kalitatea hobetuko dugu", gaineratu du.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutua aldatuko du lehenengoak. Otsailaren 15eko grebaren ostean, sindikatu gehienek Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean onartutako neurriak jasoko ditu. Osasunbideko langileei eraginen die, ordea, bigarrenak. Otsailean Medikuen Sindikatuak egindako grebaren ostean, gobernuak sindikatuarekin adostutako akordioa jasotzen du Osasunbideari dagokionak. Baina Osasunbideko sindikatu nagusiek ez dute nahikotzat, eta grebara deitu dituzte langileak ostegunerako.
Aurrera urratsa izanen dela adierazi dute gainerako talde proposatzaileek, baina egin beharrekoetan jarri dute arreta. "Nolabaiteko aurrerapausoa" emanen da Geroa Bairen iritziz. "Aldaketa honekin ez da aski", adierazi du Uxue Barkos parlamentariak. Lehen Arretak dituen erronkei heltzea ezinbestekoa dela uste du koalizioak, besteen artean. Negoziazioa "gaiztoa" izan den arren, langile guztientzako onurak lortu dituztela azpimarratu du Ahal Duguko Mikel Builek. Hala ere, erreforma "koherente" eta "orokorra" behar dela iritzi dio. "Datorren legegintzaldirako lana izanen da", gaineratu du.
Etsituta agertu da Ezkerrako Marisa De Simon parlamentaria. "Estatutu honek eguneratze integrala behar du, ez aldaketa korporatibistak. Ez dugu eman den negoziazioarekin bat egiten". Hala ere, alde bozkatuko dute, "urria bada ere, aurrerapauso bat delako".
Esklusibotasun gehigarria kobratu arren, alor pribatuan lan egiten duten hamaika medikuren berri eman du LAB sindikatuak; eta gaia parlamentura eramanen du EH Bilduk. Galdera eginen dio Osasun kontseilari Santos Induraini. "Praxi txarra orokorra izan daiteke, beraz, ikuskapen zehatza eskatzen diogu gobernuari", adierazi du Adolfo Araiz parlamentariak.
Enpresa publikoentzako hitzarmena
Nafarroako Gobernuko enpresa publikoetako langileak ere protestan izan dira azken hilabeteotan. Sektorearentzako lehen hitzarmen kolektiboa galdegin dute, eta hura negoziatzeko hilabeteko epean CPENekin batzordea eratu dezala eskatzeko mozioa eztabaidatuko dute bihar Ekonomia eta Ogasun batzordean. Geroa Bai, EH Bildu, AHal Duguk eta Ezkerrak aurkeztu dute.