Gazteluko plazako taldearen lehen minutuak onak izan badira ere, 14. minutuan Chukwezek belaunarekin bisitarien gola sartu du, gaizki defendaturiko jokaldi batean. Hortik aurrera eta atsedenaldira arte, gorritxoek ez dute presioan asmatu, eta Villarreal izan da nagusi.
Bigarren zatian, alta, Arrasateren taldeak urrats bat egin du aurrera. Presioa gorago eta hobeki egin du. Zorrotzagoa izan da baloia mugitzeko tenorean. Halako batean, Chimy Avilak baloia buruz jo du Villarrealen area barruan, eta Yeremi Pinok eskuarekin moztu du haren bidea. Epaileak ez du penaltirik adierazi. VARak ere ez, Osasunaren jokalarien eta zaleen desesperaziorako.
Horrek taldea berpiztu du, eta gol abagune on bat baino gehiago sortu du, batez ere Barjaren sarraldiei eta erdiraketei esker. Nabarmenenak, Darkok langara bidalitako baloia, eta Reinak zutoinera desbideratu duen Chimyrena. Norgehiagokaren azken txanpan, Arrasatek Kike Garcia eta Budimir sartu ditu erasoan. Eta bi kontraerasotan Moralesek Vila Realgoen bigarren eta hirugarren golak sartu ditu.
Gorritxoak bederatzigarrenak dira sailkapenean34 punturekin. Europa zazpi puntura daukate. Jaitsiera, zortzira. Sadarren Ligan jokaturiko azken bost partiduetatik bakarra irabazi du Osasunak. Hiru jardunaldi daramatza golik sartu gabe. Ongi etorriko zaio selekzioek eragindako etenaldia. Horren ondotik, Ligan, Mallorca kanpoan, eta jarraian Kopan, finalaurrekoaren itzulera San Mamesen, apirilaren lauan.