Hilean 100 euro jasotzeko dirulaguntza eskatu ahalko dute 3 urte baino gutxiagoko umeak dituzten Nafarroako familiek. Guztira 1.200 euro jasoko ditu familia bakoitzak ordainketa bakarrean. Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi duenez, zehazki, joan den urtarrilaren 1etik hasita haurrak 3 urte betetzen dituen arte jaso ahalko da, betiere 2022ko abenduaren 31n adin hori jadanik beteta ez bazuen.
Laguntzen eskaera presentzialki Eskubide Sozialen Departamentuko erregistroan, oinarrizko gizarte zerbitzuetan, edo telematikoki Gizarte Zerbitzuen webgunean.
Gehienez 70.000 euroko diru-sarrerak dituzten familiek eta diru-iturri bakarra izatekotan 45.000 euroko diru-sarrerak dituztenak jasoko dute. Foru Gobernuak zehaztu duenez, hileko 100 euroko laguntza hau bateragarria da 3 urtetik beherako seme-alaba banako PFEZko kenkari fiskalarekin eta 1.062 eurora iristen da. 10,7 milioi euro inguru bideratuko dira prestazio honetan eta 3 urtetik beherako haurrak dituzten familien % 65ari laguntzen dio gutxi gorabehera.
Era berean, adopzio-aurreko harreran edo harrera iraunkorrean dauden familiek ere onura jaso dezakete. Kasu horretan, umearen zaintzaz arduratzen denak jasoko du dirulaguntza. Aldiz, zaintza partekatuta izatekotan guraso biek adostuko dute nork egingo duen eskaera eta nork jasoko duen laguntza.
Nafarroako Gobernuaren webgunean eskuragarri daude bete beharreko baldintza eta xehetasun guztiak.