EH Bilduko oinarriek “gehiengo zabalez” Nafarroako Parlamenturako zerrenda berretsi ostean, ekitaldi ofiziala egin du koalizioak, Uharten. Datorren legegintzaldia “aurrera egiteko eta aurrean ditugun erronka handiei aurre egiteko” funtsezkoa” izanen dela uste du Laura Aznal zerrendaburuak, eta erronkei aurre egiteko konpromisoa azaldu du. “EH Bildu determinantea izaten jarraitu ez ezik, are determinanteagoa izanen da datorren legegintzaldian”, zehaztu du. “Zalantzarik gabe, eskuinari eta bere politikei aurre egiteko alternatibaren funtsezko parte izaten jarraituko dugu. Ziur nago eraldaketa sakonak lortzeko bermea izanen garela, eta jauzi kualitatiboa emanen dugula”, gaineratu du.
Alderdi politikoak zerrenda osatzen duten lehen 25 pertsonak bildu ditu, Laura Aznal foru Gobernuko presidentegaiarekin batera, eta hainbat udalerritako alkateak, EH Bilduko beste kargu batzuk, militanteak eta bilkideak ere bertaratu dira.
EAko kritikoak kritiko
Alderdiak proposatu duen eta berretsi den zerrendan ez dago EAko kritikorik, eta Nafarroako Eusko Alkartasuneko afiliatuak, alderdiaren zuzendaritzarekin kritiko direnak, "aniztasun falta" dagoela kritikatu dute. Severiano Txoperena du laugarren postua, EAri dagokiona. Kritikoek adierazi dute EAren oinarriek bermatutako proposamena alde batera utzi dutela, Txoperenak ez zelako aukeratua izan Nafarroako batzarrean.