Zudaire poliziaren indarkeriaren biktimatzat aitortzeko eskatu diote gobernuari

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 13a, 10:00

Ojo plataformak Atarrabian egindako ekitaldia.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Espainia zigortu du, gomazko bala betekin Aingeru Zudaire atarrabiarra zauritzeagatik.

Aingeru Zudaire larri zauritzeagatik, Espainiako Poliziaren kontra Auzitegi Nazionalak ebatzitako zigorra irmoa da. Azaroan egin zen publiko eta ez da helegiterik izan. 100.000 euroko kalte ordaina emateko agindu dio Espainiako barne ministerioari, egindako oinazeagatik. Gomazko pilota batekin zauritu zuten Aingeru Zudaire, 2012an.   Hamar urteko borroka judiziala izan da, eta tarte horretan jasotako sustengua eskertu du ekitaldi batean Zudairek.

Auzitegi Nazionalak aitortutakoa “motz” geratzen dela salatu dute, hala ere. Alde batetik, estatu espainiarra zigortzen du, poliziaren jokabidearen arduradun moduan, baina ez du pilotakada, distantzia laburrean eta burura apuntatuta jaurti zuen poliziarik zigortzen. Zudairek begi bat galdu zuen tiroaren ondorioz. Bestetik, Aingeru Zudaire poliziaren biktima gisa aitortua izan dadila eskatu dio Ojo Plataformak Nafarroako Gobernuari, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei aitortza eta erreparazioa ematekoa oinarri hartuta.

Gomazko piloten eta antzekoen erabilera debekatzea ere galdegin du ekimenak. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, gomazko balak erabiltzen ditu egun. Foruzaingoak, berriz, foam jaurtigailuak, 2016tik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!