Osasuna

Osasuna, epailea bezain pattal

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 13a, 07:47
Sergio Herrera, Hugo Duroren penalti jaurtiketa gelditzen. (Argazkia. Osasuna)
  • Gorritxoek ez dute atera jaurti norgehiagoka osoan, denboraldiko partidarik kaskarrenetako batean.
  • Jagoba Arrasatek merezita galdu dutela aitortu du, baina sinesgaitz azaldu da epailearen lanarekin: “Horrela oso zaila da sinesten jarraitzea”.

Osasunak bat eta huts galdu du Valentziaren aurka, larunbatean Mestallan jokaturiko norgehiagokan. Porrot horren ondotik zortzigarrenak dira sailkapenean. Europako postuetatik lau puntura daude; jaitsieratik, zortzira.

Jagoba Arrasateren mutilen denboraldiko partidurik kaskarrenetako bat izan da. Valentzia hobea izan da, hasi eta buka. Datu bat: gorritxoek ez dute atera jaurti norgehiagoka osoan.

Taldeko onena Sergio Herrera izan da. Meritu handiko hainbat geldiketa egin ditu. Konparaziora, 90. minutuan, Hugo Durok jaurtiriko penaltian.

Arazorik handienak eskuin hegalean izan dituzte gorritxoek, Moncayola eta Chimy Avila erotu baititu Kluivertek. Pattal aritu dira, halaber, Moi Gomez (desagerturik), Lucas Torro (irristakor) eta Chimy Avila (lekuz kanpo).

Lehen itzuliko partiduan bezala, Kluivertek egin du valentziarren garaipenaren gola, Torrok irrist eginda galdutako baloia profitatuz.

Nolanahi ere, gorritxoak ez dira izan neurketa kaskarra egin duten bakarrak. Javier Iglesias Villanueva epaileak txartel gorri bana erakutsi die Sergio Herrerari eta Aimar Orozi. Biotan atzera egin behar izan du, VARretik jokaldia berraztertzeko gomendioa jaso eta gero.

Erabakiok Osasunak joan den astean VARaren funtzionamendua argitzeko eskatu eta gero datoz. Gertaturikoak epaileen lanaren gainean zer pentsa eman dio gorritxoen entrenatzaile Jagoba Arrasateri. “Aste osoa hartuta, oastelehenetik larunbatera, oso zaila egiten zait sinesten jarraitzea”.

Gazteluko plazako taldeak igandean jokatuko du hurrengo partidua, Villarrealen aurka, arratsaldeko laurak eta laurdenetan, Sadarren. Aimarrek ezin izanen du parte hartu, bosgarren horia ikusi duelako. Aridane zalantza da, belaunean kolpea hartu duela eta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!