Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak aurreakordioa lortu dute trafikoaren eta bide-segurtasunaren eskumena berreskuratzeko. Gaur eman du albistearen berri Maria Txibite presidenteak, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuraren aurretik. Uztailaren 1etik aurrera, Foruzaingoaren esku izanen dira trafikoa eta bide segurtasuna. Zigorrak, autoeskolen kudeaketa, bide-hezkuntza edo trafikoaren gaineko estatistika ere Nafarroaren esku geratuko dira.
Azaldu duenez, akordioa "kronograma batekin ezarriko da" eta eskualdaketa "2023ko uztailetik aurrera izango egikarituko da". 149 foruzain berri beharko ditu horretarako Nafarroak. Presidenteak zehaztu duenez, "pasabide bat" egongo da Foruzaingoan sartu nahi duten trafikoko guardia zibilek horretarako aukera izan dezaten, "2018ko Polizien Foru Legean jasotzen den bezala".
Nafarroako Transferentzien Batzordea datorren asteartean, hilak 14, 18:00etan bilduko da. Orduan zehartuko dute Estatuarekin izanen den Transferentzien Batzarrerako data.
Trafikoa martxoaren 31 baino lehen Nafarroara transferitzea hitzartu zuten Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk, aurrekontu akordioan. "Oso berri ona da, gurekin adostutakoa ezarritako epean beteko da", adierazi du Laura Aznal EH Bilduko zerrendaburu eta parlamentariak.
Gobernukide guztiek txalotu dute akordioa. Geroa Baiko Uxue Barkosek esan du, “berri oso ona" dela Nafarroarentzat. "Eta niretzako ere partikularki, bide hau abiatu bainuen bere garaian. Orain akordioaren letra txikia ezagutu beharko dugu", zehaztu du. Ahal Duguko Mikel Buil, bestalde, oso pozik agertu da: "Parlamentuak hamarkadetan aldarrikatutako transferentzia bat lortu da. Autogobernu handiagoa eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan kalitate handiagoa lortuko dugu".
UPN, alde
Berria prentsari egindako adierazpenen bitartez jakin izana deitoratu du UPNko buru Javier Esparzak. Baina positiboki hartu du albistea, zehaztasunekin: "UPNk beti defendatu du transferentzia Nafarroak hartzea, baina ez PSOEren eta EH Bilduren arteko merkatu huts bihurtuta. Lehen, aurrekontuengatik, presoak; orain, aurrekontuengatik, transferentzia". Esparzak adierazi du guardia zibilen eta foruzainen artean partekatu daitekeela zerbitzua, ez dagoela eskaera sozialik trafikoko guaardia zibilek zerbitzu hori emateari uzteko. UPNk, hala ere, trafikoaren transferentzia babestuko du.
Erabat aurka azaldu dira, aldiz, oraindik koalizio kide dituen Ciudadanos eta PP. Albiste txarra dela adierazi du, Jose Suarez popularrak. Ciudadanoseko Carlos Perez Nievasek, berriz, ez dutela onartuko "guardia zibiliaren umiliazioa dakarren eskumenik".