OSASUNA 0 - 0 CELTA

Gehiago eta gutxiago

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko mar. 7a, 07:47

Pablo Ibañezek azken minutuetan erremate ederra egin du buruz, baina Ivan Villar atezainak bikain erantzun dio (Argazkia: Osasuna).
  • Osasuna Celta baino gehiago izan da, baina behar baino gol aukera gutxiago sortu ditu.
  • Talde nafarrak azalpenak eskatu dizkio Arbitroen Batzorde Teknikoari, Ez Abderi baliogabeturiko golarengatik.

Osasunak hutsean berdindu du Celtaren kontra, bart Sadarren jokaturiko norgehiagokan. Horren ondotik gorritxoak zortzigarrenak dira sailkapenean, 34 punturekin, eta Europako postuetatik hiru puntura daude.

Partiduaren hasieran, Budimirrek jaurtiketa gurutzatua egin du area barrutik. Norgehiagokaren amaieran, Rober Ibañezek buruz egin du errematea, ahoko zuloan. Batean zein bestean, alta, Celtako atezain Ivan Villarrek meritu handiko geldiketak egin ditu.

Nolanahi ere, gorritxoek Villar gainditzea lortu dute, behin. Abderen erdiraketa ezker hegaletik. Chimyren imintzioa errematea egiteko baina baloia ukitu gabe. Eta pilota sareetara. VARak baliogabetu egin du, Avila jokoz kanpo zegoelakoan. Haatik, marrak finkatzeko tenorean argentinarraren ukondoa hartu du erreferentziatzat, eta ez sorbalda. Gauzak horrela, Osasunak azalpenak eskatu dizkio Arbitroen Batzorde Teknikoari.

Partidaren amaieran, Jagoba Arrasatek zalantzak azaldu ditu VARak eskainitako irudiarekin. “Irakaslea naiz eta zerbait badakit geometriaz. Agian jokoz kanpokoa dela? Bai. Erakutsi diguten irudia gaizki dagoela? Ere bai”.

Berriatuko entrenatzaileak partidua irabaztearen aldeko apustua egin du, hasieratik Moi Gomez, Aimar Oroz, Ez Abde, Ante Budimir zelairatuz. Seguru asko horregatik, berdinketak zapore gazi gozoa utzi dio: “Gol aukerak sortzea kosta zaigu, eta sortu ditugun bizpahiru horiek ez ditugu aprobetxatu. Gainontzean, Celta baino gehiago izan gara. Defenditzen aritu dira partidu osoa. Gauzak ongi egin ditugun seinale”.

Hurrengo norgehiagoka Valentziaren aurka jokatuko du Osasunak, Mestallan, larunbatean, 21:00etan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!