Ebakuntza-prozesuan zehar pazientearen kokapena eta egoera zeintzuk diren jakiteko sistema martxan jarri du Osasunbideak

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 2a, 16:47

Gaixoen jarraipena ahalbidetzen duen pultsera. Iturria: Nafarroako Gobernua

Mugikorrerako aplikazio bidez egin ahal izango dute gaixoaren laguntzaileek ebakuntza-prozesuaren jarraipena.

Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak sistema bat jarriko du abian datorren astetik aurrera, pazienteen laguntzaileek eta senideek haren kokapena eta egoera jarraitu ahal izateko ebakuntza batean. Prozesu kirurgikoan zehar informazioa ematea da helburua, egoera horren ziurgabetasunak eragin ohi duen antsietatea murrizteko.

Informazioa telefono mugikorrean jaso ahal izango da, "Virtual Waiting Room" izeneko aplikazioaren bidez. Sistema berriak, halaber, pazienteen segurtasuna hobetzeko aukera emango du, interbenitutako pertsonaren identifikazio elektronikoa egingo baita, eta gainera baliatuko dute ebakuntza-gelen kudeaketa eraginkorra egiteko ere..

Sistema Iruñeko bloke kirurgiko guztietan jarriko dute martxan, eta etorkizunean Nafarroako beste bi ospitaleetara zabalduko dute pixkanaka: Lizarrako García Orcoyen Ospitalera eta Tuterako Reina Sofía Ospitalera.

Waiting Room telefono mugikorrerako aplikazioa deskargatzeko moduan da dagoeneko, bai Androiderako bertsioan, bai iOSerako. Instalatu ondoren, senide edo laguntzaileak kode bat sartu beharko du pazientea ospitaleratzean, pazientea banaka identifikatzen duena. Gaixoari, berriz, geolokalizazio-gailu elektroniko bat duen eskumuturrekoa jarriko zaio, arreta emango zaion espazioetatik igarotzen dela erregistratzeko, eta automatikoki seinale bat igorriko da hortik, aplikazioak jasoko duena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!