Negoziazio erreala eskatu diote gobernuari Osasunbideko sindikatuek

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 2a, 12:13

Osasun sistema publikoaren desegitea eta pribatizazioa etetea eta langileen lan baldintzak hobetzea eskatzeko elkarretaratzeak eta manifestazioa antoaltu dituzte Osasunbideko langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuek. Martxoaren 23rako deitu dituzte langileak grebara.

Datorren asteartean bilduko dira Nafarroako Gobernua eta Osasunbideko LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek osatzen duten greba batzordea. Atzo jaso zuten bilera deialdia Osasun departamentutik, eta gaur bildu dira gobernuaren proposamena lantzeko.

Funtzio Publikoko Javier Remirez kontseilariarekin bildu nahi dute, ez Osasun zuzendari nagusi Carlos Artundorekin. Ez dakite nor egonen den bileran, baina jarrera aldaketa bat sumatu dute gobernuarengan. Esklusibitatearen ezabapena negoziaziotik kendu dute, eta proposamen berri bat jaso dute negoziatzen hasteko.

"Engainatuta" sentitzen dira sindikatuak. Dirurik ez dagoela esan izan die orain arte departamentuak, baina Medikuen Sindikatuarekin 400 euroko soldata igoera adostu du. Dagoen dirua denen artean banatu dadin eskatuko diote. 

Grebaren eguna iritsi bitartean, Osasun sistema publiko unibertsala eta bakarra aldarrikatuko dute sindikatuek Nafarroako Osasun Plataformarekin batera. Elkarretaratzeak eginen dituzte martxoaren 15ean osasun etxe eta ospitale guztietan; eta 18an, berriz, manifestazioa, Iruñean. Martxoaren 23an izanen litzateke greba, baina itxaropena dute ez dela beharrezkoa izanen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!