Eraispena nagusi, Kopako euskal derbian, 23.026 zalek mukuru beteriko, eta gogotik beroturiko, Sadarren. Inoizko sarrerarik hoberena, futbol zelaia berritu zutenetik. Bi taldeek ongi asmatu dute aurkariaren sorkuntza oztopatzen, Arrasatek apustu ausarta eginagatik ere, hasieratik Moi Gomez, Aimar Oroz, Abde, Chimy Avila eta Budimir zelairatuz. Hartara, joko trabatua gailendu da: talka asko, baloi luze ugari eta gol aukera gutxi. Faltak ere ugari, sarriago Valverderen mutilek egindakoak.
Joko trabatuan salbuespen bakarra: bigarren zatiaren hasiera. Tarte horretan gorritxoek hobeki mugitu dute baloia. 47. minutuan, Moi Gomezek, izterrarekin, ederki kontrolatu du aldaratze bat, pase luze eta bertikala eman dio Abderi, eta gazte marokoarrak, bi aurkariri gerria apurtu eta gero, gola sartu du, ezkerkada gurutzatu baten bitartez.
Ahtlecik nahi eta ezinean aritu da ordutik aurrera. Norgehiagokaren amaieran soilik lortu du Sergio Herrerarengana arriskuz hurbiltzea, Aridanek buruz egindako bi aldaratze okerrek bidea errazturik. Alta, Guruzetaren errematea ongi desbideratu du Mirandakoak. Lehen zatian, Muniaini, beste baloi arriskutsu bat gelditu dio. Horiek izan dira Athleticen aukera bakarrak.
Emaitza “oso txarra” da Athleticentzat, Ernesto Valverdek norgehiagokaren amaieran aitortu duenez. Jagoba Arrasate, aldiz, pozik azaldu da emaitzarekin. Nolanahi ere, Berriatukoak azpimarratu du apirilaren lauan San Mames Barrian jokatuko den partidua zaila izanen dela, eta zuhur azaldu da. Nolanahi ere, ezin uka daiteke bat eta hots irabazi eta gero, Sevilla urrats bat hurbilago dagoela.