Etsituta daude LAB, LANKIDE, UGT, CCOO, ELA eta CGT sindikatuak Nafarroako Enpresa Publikoetan bizi duten egoerarekin. Aurreko legegintzaldian akordio batera iritsi ziren Nafarroako Gobernuaren menpeko CPEN patronalarekin lan baldintzen aldaketak eztabaidatzeko lan mahai iraunkor bat sortzeko. Egin zen arren, enpresarien korporazioak erabakiak aldebakartasunez hartzen dituela salatu dute.
LABeko ordezkaria eta Nasertic-eko enpresa batzordeko kidea den Asier Otxoak azaldu duenez, enpresa publikoetan lan egiten duten %95 Bulego eta Despatxuen hitzarmenaren mende daude. “Hitzarmen hori aholkularitza txikietarako eta bulegoetarako diseinatuta dago, eta ez da egokitzen gure beharretara”, salatu du.
Enpresa publikoek hitzarmen propioa behar dutela aldarrikatuko dute sindikatuek ostiralean. Lanuztera deitu dituzte NIK, Tracasa, INTIA, CEIN Nasuvinsa eta Nasertic enpresetako 1.500 langileak, goizeko zortzietatik eguerdira arte.
9:00etan lan saioa eginen dute enpresa batzordeetako ordezkariek parlamentuan, eta bitartean atarian protestan ariko dira langileak.