Langile publikoen estatutua aldatuko du gobernuak

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 1a, 08:12

Funtzio Publikoko mahai orokorra, atxiboko irudian. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutua onartu dute Funtzio Publikoko mahai orokorrean, LAB, CCOO, AFAPNA eta UGTren babesarekin eta ELAren abstentzioarekin.

Langileen Estatutua aldatuko du Nafarroako Gobernuak. Hala adostu du sindikatuekin Funtzio Publikoko mahai orokorrean. LAB, CCOO, AFAPNA eta UGTren babestu dute gobernuan proposamena, eta ELAk, berriz, abstentziora jo du. 

Onartutakoaren arabera, lanaldi partziala duten langileek administrazioen arteko hainbat kontratu bildu ahal izango dituzte %100era iristeko eta antzinatasun handiena duten langileek opor egun gehiago izango dituzte, gehienez lau.

Javier Remirez kontseilariak baloratu du "Nafarroako Foru Administrazioko langile publikoen mesederako" akordioa dela, eta, ondorioz, zerbitzu publikoen kalitatea "hobetu eta indartuko" dela. Gobernua "motz" gertatu da, aldiz, sindikatuen iritziz, ez dielako heldu zerbitzu publikoak dituen oinarrizko arazoei.

Medikuei, eskatutakoa baino gehiago

Atzo eguerdian bildu zen Funtzio Publikoko mahai orokorra, eta estatutuaz gainera, Medikuen sindikatuarekin gobernuak sinatutako akordioa izan zuten mahai gainean.  AFAPNAren babesa izan du testuak.

Gainerako sindikatuek aurka bozkatu dute, kritikatuz gobernuak eskatutakoa baino gehiago eman diela medikuei, osasun langileen arteko desberdintasunak areagotuz. Osasun langile guztientzako hobekuntzarik jaso ez dutelakoan, Osasunbideko martxoaren 23rako greba deialdia bere horretan mantendu dute.

Atzo erizainen Satse sindikatuak egin zuen lanuztea. Gobernuaren arabera, %5eko jarraipena izan du deialdiak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!