Esku Pilota Federazioak Larrabideko atletismo pista estaliaren proiektua kritikatu du, trinketa kentzea aurreikusten duelako

Iosu Ganuza Garcia 2023ko ots. 27a, 15:18
Larrabideko Trinketa. Iturria: Nafarroako Kirol Institutua

Zangoza kaleko azpiegituraren balio erantsia aldarrikatu du ohar bidez.

Nafarroako Euskal Pilota Federazioaren zuzendaritza-batzordeak bere "haserrea" adierazi du Nafarroako Atletismo Federazioak aurkeztutako korrika egiteko pista estaliaren proiektuaren aurrean. Asmoa da pista hori Larrabide Kirol Teknifikaziorako Zentroko kirol-gunean eraikitzea, gaur egun futbol-zelaia eta trinketa dauden eremuan.

Javier Conde Zandueta buru duen erakundeak oharrean ohartarazi duenez "nahiz eta ulertzen dugun Nafarroako atletismoak eskatzen dituen beharrak defendatzeko NFBren jarrera zilegia", kirolean aritzeko "azken urteotan azpiegituretan behar bezala ez baita inbertitu", "ezin dugu onartu horretarako Foru Erkidegoan dauden beste kirol-diziplina batzuei kalte egitea". Nabarmendu dute Zangotza kaleko teknifikazio zentroko "trinketa balio erantsi garrantzitsua" dela esku pilota federazioarentzat eta "gure kirola praktikatzeko", erantsiz Nafarroako Gobernuaren menpe dagoen hiriburuko erdiguneko "azpiegitura publiko bakarra" dela.

V. Munduko Kopa dela eta 2012an inauguratu zenetik, Larrabideko trinketa modalitate honetan espezializatutako Nafarroako pilota-selekzioen kirol-teknifikazioaren ardatz bihurtu da, hala nola: eskua, larruzko paleta, gomazko paleta eta xarea. Federazioak nabarmendu du gainera "azken urtean emaitza bikainak lortu dituzten taldeak, hala nola GRABNIko txapeldun titulu garrantzitsua" bertan entrenatu ohi direla.

Bazkal ostean argitaratutako oharrean, Labritetik ohartarazi dute Larrabidekoa "Nafarroako Kirol Jokoen eta Nafarroako Kluben Txapelketen egoitza" dela, "baita izaera nazionaleko lehiaketena ere, hala nola Espainiako Kluben Irekiarena". Gainera esparru hori trinketerik ez duten 56 klub nafarren eskura ere jartzen da.

Club Tenis Pamplona, C.D. Oberena, C.D. Mendillorri eta Larraun Pilota Elkarteak bakarrik dute gaur egun horrelako kirol hornidura.

Munduko txapleketak prestatzeko gunea da ere Larrabideko Trinketa. 

Hori dela eta deitoratu dute Atletismo Federazioaren asmoak "gure kirolarientzat eta gurea bezalako kirol autoktonoarentzat ezinbestekoa den instalazio bat kentzea eragitea" eta aldarrikatu "Larrabidek Nafarroako kirol osorako gune partekatua izaten jarraitzea" nahiko luketela. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!