SEVILLA 2 - 3 OSASUNA

Koparantz, sendo

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko ots. 27a, 07:41

Osasunako jokalariak, garaipena ospatzen. (Argazkia: Osasuna).

Kemena eta joko ona, biak ala biak erakutsi ditu Osasunak, bart Sanchez Pizjuanen partida bizi batean hiru puntu garrantzitsu patrikaratzeko.

Gizonezkoen Osasunak bi eta hiru irabazi du Sevillaren aurka, bart Sevillan futbol zelaian jokaturiko norgehiagokan. Garaipen horren ondotik gorritxoak zazpigarrenak dira sailkapenean, 33 punturekin, eta Europako postuetatik puntu bakarrera daude.

Sevillan irabazirik, asteazkeneko Kopako finalderdietako Athleticen aurkako joaneko partidarantz sendo abiatu da Osasuna. Meritu handiko garaipena izan da, Jagoba Arrasatek hainbat gizon garrantzitsu aulkian utzi baititu. Besteak beste, Moi Gomez, Chimy Avila, Lucas Torro eta Ez Abde.

Halere, norgehiagoka bikaina egin dute Aimar Orozek, Pablo Ibañezek eta Kike Barjak. Noaingoak Sevillaren bigarren goleko jokaldian baloi erraz bat galdu badu ere. Ongi jokatzeaz gain, fede itsua eduki dute garaipenean, norgehiagokan zehar kolpe bat baino gehiago jaso dute eta.

Lehen zatian, askoz gehiago izan dira Sevilla baino, eta aukera argi ugari sortu dituzte. Korner batean, Unai Garciak buruz gol ederra sartu du. Alta, VARak bigarren gola, Kike Barjarenena, baliogabetu du, oso zentimetro gutxirengatik jokoz kanpokoa adierazirik.

Bigarren zati ero batean, Sevillak banako berdinketa egin du Gudeljen jaurtiketa zital baten bitartez. Osasunak, baina, ez du etsi, eta korner batean Fernandok gorritxoak berriro aurretik jarri dituen gola sartu du, bere atean. Barjak zelai erdian baloia galdurik, El Nesirik berriro berdindu du, kontraeraso azkar batean. Eta azkenik, zelairatu berritan, Ez Abdek garaipenaren gola erdietsi du.

Sevillatik iritsi bezain pronto, eguerdiko hamabi eta erdiak aldera, gorritxoek entrenamendua izanen dute gaur Taxoaren, etzi, asteazkenarekin, gaueko bederatzietan, Sadarren Athleticen aurka jokatuko duten Kopako finalerdietako joaneko partida prestatzen hasteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!