Nafarroako Pirinioetako Mahaiak despopulazioari aurre egiteko aurrekontu handiagoa eskatu du

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 22a, 07:41

Lege berria ahalik eta lasterren egin dadila aldarrikatu du

Foru Gobernuak egindako "ahalegina" aitortu dute, baina "ez da nahikoa". Nafarroako Pirinioetako Mahaiak, Ekialdeko Pirinioetako tokiko ordezkariek osatua, aurrekontu handiagoa eta administrazio-tramite azkarragoak eskatu ditu,  “despopulazioak eskatzen duen azkartasunarekin neurri sendoak garatu ahal izateko". Mahaiaren aburuz, "erabakigarria" da Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari "aurrekontu handiagoa” ematea, eta halaber askatasun eta bizkortasun handiagoa eskaintzea administrazio publikoaren berezko izapideetan.

Hala adierazi du Mabel Cañada mahaiko bozeramaileak. "Nafarroako Gobernuak despopulazioa geldiarazteko borondatea duela ikusten badugu ere, baliabide gehiago jarri behar ditu, finantziazio gehiago eta esparru juridiko bat jarri behar ditu orain pairatzen ari garen gaitz hori geldiarazteko", adierazi du Cañadak.

Despopulazioaren aurkako lege berria

Datu adierazgarri bat eskaini du Cañadak: Pirinioek urtero biztanleriaren %10 galtzen dute. Gauzak horrela, haren hitzetan, "ez da gutxi Gobernuak egin duena", baina "ez da nahikoa".
Hori horrela, zenbait neurri proposatu ditu, Pirinioetako Mahaiaren izenean: Pirinioei buruzko ponentzia parlamentarioa mantentzea, despopulazioari buruzko legea "premiaz" egitea, tokiko mapa garatzea, "Nafarroako legeak eta araudiak eskualde bakoitzeko errealitate sozialera egokitzea", lege edo araudi guztiak aldatzea "horien ratioak ez baitatoz bat Pirinioetako egitura sozialarekin", eta "arintasun administratiboa" izapide burokratikoetan eta diru laguntzetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!