Imanol Paskual Nafarroako ELAko koordinatzaileak kritikatu du erretiro-pentsio berrien erosteko ahalmenak 8,9 puntu galdu dituela Nafarroa Garaian azken zortzi urteetan. Gauzak horrela, ELAk mobilizazio bat eginen du otsailaren 23an Iruñean, "pentsioen, soldaten eta zerbitzu publikoen defentsan, murrizketa berriak baztertzeko".
"Gizarte Segurantzaren datuen arabera, 2022ko azaroan erretiro-pentsio berrien batez besteko zenbatekoa 1.487 eurokoa izan zen, 2014an erretiroa hartzen hasi zirenek kobratzen zituzten 1.476 euroak baino 11 euro gehiago bakarrik", adierazi du ohar batean, eta gaineratu du "urte hauetan metatutako KPIa %9,8koa izan den bitartean, erretiro-pentsio berrien zenbatekoa % 0,9 baino ez da igo".
Paskualek azaldu duenez, "pentsio berriak gehiegi hazten direla diotenak gezurretan ari dira, eta hori ez da harritzekoa, ohikoa baita duela hamarkada batzuetatik hona aplikatzen ari diren murrizketak justifikatzen saiatzen direnean". ELAko arduradunak bilakaera horren arrazoiak aztertu ditu, eta bere ustez, "arrazoi nagusia Zapaterok onartu eta CCOOk eta UGTk adostutako pentsioen erreforma da, 2013an pixkanaka aplikatzen hasi zena".
Azpimarratu duenez, "erreforma hori pentsioa kalkulatzeko 25 urte zenbatzera pasatu zen (aurreko 15en aldean), erretiro aurreratuak murriztu zituen eta erretiro-adina 65 urtetik 67ra atzeratu zuen", eta "erreforma hori indarrean sartzen denetik aurrera, erretiro-pentsio berrien erosteko ahalmena jaisten hasten da". Paskualen ustez, "ez da kasualitatea erretiro-pentsio berriak orain, erosteko ahalmenari dagokionez, duela zortzi urte baino baxuagoak izatea", eta "eskandalagarria da erretiroa hartzen duten emakumeek hilean batez beste gizonek baino 516 euro gutxiago kobratzea".
Gaineratu duenez, "erretiroa hartzen duten emakumeen hasierako pentsioa 1.177 eurokoa da, eta gizonena, berriz, 1.693 eurokoa". Horregatik, eta "Pedro Sanchezen gobernuak pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren urteak 25etik 30era pasatzeko asmoa duenez, pentsio berriak murriztea ekarriko lukeenez", ELA kanpaina bat egiten ari da lantokietan, eta hilaren 23ko mobilizazioan parte hartzera animatu du.