Osasun garraiorako enpresa publikoa sortzeko konpromisoa betetzeko eskatu diote gobernuari

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 20a, 10:07

Nafarroako Parlamentuaren aurrean protesta egin dute UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek. Mobilizazio gehiago eginen dituzte, aintzat hartzen ez badituzte.

Hartutako konpromisoa betetzeko asmorik ez du Nafarroako Gobernuak, osasun garraioan lan egiten duten sindikatuen ustez. Zerbitzua kudeatzeko enpresa publiko bat eratzeko asmoa agertu zuen Santos Indurain osasun kontseilariak, urtarrilaren hasieran. Aste Santua baino lehenago izanen zela ere esan zuen; baina legegintzaldia amaitzear dela, urratsik ez dela eman salatu dute UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek.

Gainera, azpimarratu dute 2019ko akordio programatikoak enpresa hori sortzea aurreikusten zuela, eta 2022ko ekitaldirako gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu-akordioak ere jasotzen zuela 2023ko lehen hiruhilekoan martxan jartzeko berariazko konpromisoa.

350 langile inguru ari dira lanean egun osasun garraioaren sektorean, Nafarroan, enpresa pribatuetarako. Zerbitzuaren kalitatea nabarmen okertu da langileen iritziz. Egoerak horrela jarraitzen badu, mobilizazio gehiago eginen dituztela ohartarazi dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!