Inoiz ez bezala, beti bezala

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 20a, 07:48
Aimar Oroz eta Camavinga aurrez-aurre, larunbateko partiduan. (Argazkia: Osasuna).
  • Partidu txukuna eginagatik ere, gorritxoek punturik ez zuten patrikaratu, defentsan egindako bi akats larrutik ordainduta.
  • Porrot horren ondotik, gorritxoak 10hamargarrenak dira sailkapenean, 30 punturekin, Europako postuetatik bi puntura, jaitsiera postuetatik hamarrera.

Gorritxoek inoiz baino hobeki jokatu zuten, baina beti bezala galdu zuten Real Madrid ahalguztidunaren aitzinean. Bi akats aski izan ziren, asko borrokaturiko partidu batean hiru puntuek Espainiako hiribururantz alde egin zezaten.

Ez Abderen baloi galera batetik etorri zen Real Madrilen lehen gola, Valverderena, 78. minutuan. Unai Garciaren hanka sartze batetik bigarrena, Asensiorena, 92.ean.

Aurretik, Osasunak oso lehen zati ona egin zuen, oso goian presionatuz, baloia behin eta berriz lapurtuz, baloiaren jabetza bereganatuz. Datu adierazgarri bat: Real Madridek liga osoan ez du horrenbeste baloi galdu zati bakarrean: zazpi.

Bigarren zatian, partidua apurtu zen, eta joan etorrian Real Madrilek arrisku handiagoa eragin zuen. Sergio Herrerak goleko bi jokaldi salbatu zituen, Viniciusekin buruz buru. Nolanahi ere, gorritxoek ere beren aukerak eduki zituzten: Moiren bi jaurtiketa, Budimirren burukada bat. Moncayolaren beste erremate bat.

Laburbilduz, gorritxoek joko ona egin zuten baina emaitza kaskarra erdietsi. Film hori gehiegitan ikusi dugu, Jagoba Arrasateren aburuz: “Pelikula hau behin baino gehiagotan ikusi dugu. Amaiera beti bera da. Gertu, gertu, baina beti zer edo zer gertatzen da. Eta horrenbestetan gertatzen bada, kasualitatea ez da izango. Gauza asko egin ditugu, egia, baina ez gara aurretik jarri. Bigarren zatian partidua apurtu da, eta trantsizioetan min handia egin digute. Korne bat alde izan dugu, eta trantsizioan egin digute lehen gola. Horrek min handia egin digu”.   

Igandean, Osasunak Ligako partidua jokatuko du Sevillaren aurka, Sanchez Pizjuanen. Datorren asteko asteazkenean, martxoaren batarekin, Kopako finalerdietako joanekoa, Athleticen aurka, Sadarren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!