Hidrogeno berdea ekoizteko hitzarmena sinatu dute gobernuak eta Nordex enpresak

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 17a, 12:53

Proiektuaren lehen fasea garapen teknologiko bat da, 35 ingeniariz osatutako talde batekin, ondoren lantegi bat sortuko dute, 150 lanpostu sortzeko. 30 milioiko inbertsioa iragarri dute.

Nafarroako Gobernuak, Sodenaren bidez, eta Nordex enpresak 30 milioi euro inbertituko dituzte "teknologia propioa" duten elektrolizatzaileak garatzeko, "hidrogeno berdea ekoizteko". "Elektrolizatzailearen prototipo bat sortzea da kontua, ondoren garatzeko eta industrialki jaurtitzeko", azaldu du Maria Txibite gobernuko presidenteak.

Adierazi duenez, Nafarroa hidrogeno berdearen alde egiten ari den apustuarekin jarraitu nahi dute, "hainbat proiektutan gauzatzen ari baita". "Proiektu hau beste urrats bat da sektore energetiko berri honen balio katean", azaldu du . "Hidrogeno berdea ekoizteaz gain, ekoizteko makinen diseinua eta fabrikazioa hemen ere egin nahi ditugu".

Presidenteak adierazi duenez, duela 30 urte Nafarroa parke eolikoak jartzearekin konformatu ez eta aerosorgailuak diseinatzen eta fabrikatzen hasi zen bezala, orain hidrogeno berdea ekoizpen propioarekin fabrikatzen lideratu nahi dute. Esan duenez, alde bakoitzak 15 milioi euro jarriko ditu.

35 profesionalek osatutako ingeniaritza-talde batek diseinatu eta probatuko ditu elektrolizagailuak, eta "ondorengo fase batean, industriaren hedapenerako jauzia egingo da". 150 enplegu zuzen inguru aurreikusten dira bertan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!