Bere inoizko emaitzarik onena lortu du UGTk, Volkswagenen Landabengo lantegiko hauteskunde sindikaletan: 31 ordezkarietatik 13 erdietsi ditu, 2019an baino bat gehiago, 1.612 boto jasota. “Emaitza hauek lau urte zailetan egindako lana bermatzen dute, pandemia garaian eta hornitzaile krisiarekin egindako lana. Orain, erronka berriei egin behar diegu aurre”, adierazi zuen UGTko zerrendaburu Alfredo Moralesek, emaitzak ezaguturik.
Hazkunderik handiena ELA sindikatuak lortu du, 2019an nola. Lau ordezkari lortu dituzte, horietako bat teknikarien artean, 635 botorekin. “Bi handien aitzinean egiazko laternatiba gara, horregatik irabazi ditugu ordezkari bat tailerretan, eta beste bat teknikarien artean”, esan zuen Igor PEñalver zerrendaburuak.
Nolanahi ere, bigarren postua CCOO sindikatuarentzat izan zen, hirugarrena izan zen ELA sindikatuarekiko alde handi samarrarekin gainera. 019ko emaitzari eutsi zion: zortzi ordezkari, honako honetan 1.205 botorekin. “Ordezkari kopurua ez da hazi, baina botoetan gora egin dugu, bai teknikarien artean baita besteetan ere”, nabarmendu zuen Carlos Zalduendok, VWeko CCOOko buruak.
LAB laugarren postuan geratu zen, 3 ordezkarirekin, 2019an bezala, honako honetan 460 boto jasota. “Emaitzek gure proiektua sendotu dute. Akzen lau urteotan enpresaren politika baldintzatzea lortu dugu, eta hainbat neurri aurrera atera ditugu”, azaldu zuen Raul Prtillok sindikatu abertzalearen izenean.
CGTk, azkenik, 2019ko emaitzak errepikatu zituen, bi ordezkari erdietsiz, 276 botorekin. “Hiltzat ematen gintuzten, baina gure bi ordezkariei utsio diegu. Izan diren emaitzekin enpresak berriro irabazi du”, adierazi zuen CGTko ordezkari Oskar Añorbek.