Osasunak gizonezkoen Kopako finalerdietako joaneko kanporaketarako sarrerak jarriko ditu gaur, 09:30etik aurrera. Martxoaren 1ean, asteazkenean, jokatuko da Athletic-en aurkako euskal derbia, 21:00etan, Sadarren. Bazkideek sarrera euren txartelean aktibatu beharko dute, Errege Kopa ez baitago denboraldiko abonuan sartuta. Oraingo honetan, klubak jakinarazi du "sarrera erosi ondoren, bazkidearen txartela" aktibatuko dela "estadiora denboraldikotxartelarekin sar dadin". Beraz, "ez da sarrerarik bidaliko posta elektronikoz", eta bazkideek ez dute "dokumenturik inprimatu beharko".
Bazkideek euren eserlkua erreserbatu ahal izango dute Kopako joaneko neurketarako 10 euroko prezioan, eta adin txikikoen txartelak, behin aktibatuta, edozein pertsonarentzat izango dira baliozkoak, haien adina edozein dela ere. Txartelak dituzten enpresa babesleek bazkideen prezio berean erosi beharko dituzte sarrerak. VIP sarrerak dituzten bazkideek 50 euroren truke eskuratu ahal izango dituzte sarrerak, eta ohiko catering zerbitzua izango dute, barne. Partidu honetarako gonbidapenek eta paseak dituztenek (oinarrizko futboleko jokalariek, hitzartutakoek eta enplegatuek) sarrera 10 euroan jaso ahal izango dute.
Bazkideentzako sarrerak Bazkidearen Arloaren bitartez eskuratu ahal izango dira bihar hasi eta datorren ostirala arte (otsailaren 24ean, 23: 59an). Klubaren webgunearen bidez egin ahal izango da eta kudeaketa ere modu presentzialean egin ahal izango da Sadarreko estadioko bulegoetan, astelehenetik ostegunera, 09:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era, eta ostiraletan, 09:30etik 13:30era. Epemugatik aurrera, euren sarrera 10 euroan eskuratu ez duten bazkideek euren eskubidea galduko dute eta sarrera salgai jarriko da publiko orokorrarentzat.
Era berean, klubak autobus sistema jarriko du martxan bazkideak Nafarroako hainbat herritatik Sadarreko estadiora eramateko. Denboraldi osorako garraio-abonua eskuratu dutenek estadiora ohiko moduan joateko aukera ere izango dute, inolako kudeaketarik egin beharrik gabe. Autobus-ibilbideetan eskuragarri dauden plazak klubaren webgunean jarriko dira salgai, ohi bezala.
Publiko orokorrarentzako sarreren salmenta online bakarrik irekiko da, lehenengo bazkideentzat eta 'Soy Rojillo' txartelaren titularrentzat. Gaur goizeko 9:30etatik aurrera, bazkide edo lagun bakoitzak, bere sarreraz gain, bi sarrera erosi ahal izango ditu gehienez, publiko orokorraren prezioan. Lehentasun hori ere otsailaren 24ko 23: 59ra arte mantenduko da. Larunbatean, hilaren 25ean, bazkideek erreserbatu ez dituzten sarrerak libre utzi ondoren, 9:30etatik aurrera jarriko dituzte salgai publiko orokorrarentzako sarrerak.
HR Motor
Babesle berria iragarri du klubak denboraldi honetarako. HR Motor bigarren eskuko autoen salmenta enpresa da. Babesletza akordioaren nondik norakoak ez ditu zehaztu Osasunak, baina bai biharko partidutik aurrera enpresaren izena ikusgai izanen dela gizonezkoen taldearen elastikoaren atzeko partean.