Uxue Barkos Geroa Bairen Nafarroako presidentegaiak adierazi du, maiatzaren 28an, hauteskundeetan, "Geroa Bairen helburua argia" dela, "aldaketaren indarra berreskuratzea, PSNren erabaki faltagatik legealdi honetan galdu den bultzada".
Barkosek Jon Gondan Geroa Bairen Zizurko alkategaiaren aurkezpenean adierazi duenez, "erabaki falta hori bereziki nabarmena da Iruñerrian, Chiviteren sozialistek eskuinari eman batzizkioten udal gobernu guzti-guztiak, ahal izan zuten tokian".
Geroa Bairen presidentegaiak gaineratu duenez, Iruñean edo Barañainen Bilduri agintea ematea alboratu zutela "baina egia esan, Eguesibar bezalako lekuek erakusten dute, alternatiba egon arren, nahiago izan zutela alkatetzak Navarra Sumari ematea". PSNri leporatu dio "Navarra Sumarekin euskararen aurkako posiziorik txarrenei" heltzen dietela, "hala nola joan den astean Parlamentuan bizi izan genuen Mañeruko kasu lotsagarria".
"Zorionez", adierazi du Barkosek, "Zizurren bere botoak ez ziren beharrezkoak Jon Gondanen alkatetza berresteko,
eta, segur aski, horregatik, Zizurrek euskarazko hezkuntzarako aukera ematen jarraituko du Mañeruko familientzat ". "Horregatik, Chiviteri entzuten diodanean eskualdeak funtsezko euskarria izan behar duela Gobernuarentzat, sozialismo gehiagorekin eta beste talde batzuekiko menpekotasun gutxiagorekin gidatzeko, gogorarazten diot hitz horiek ez datozela bat bere ekintzekin", kritikatu du.
Barkosek defendatu duenez, "Geroa Baik 2015ean hasitako aldaketan sakontzen jarraituko du, Nafarroako erakunde nagusien lidergoan oinarrituta, gaur Zizurren, bere udaletik, eta, jakina, Foru Gobernutik".