29.000 langile deitu dituzte LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILAS sindikatuek grebara. Bi eratako aldarrikapenak zuzenduko dizkiote gobernuari. Lehenik zerbitzu publikoak hobetzea nahi dute: "Plantillaren erdia aldi baterako langilea da. Horrek esan nahi du mugikortasun handia dagoela, eta zerbitzu publikoa batzuetan ez dela ematen behar den bezala. Egonkortasuna bermatu behar dute", zehaztu du LABeko funtzio publikoko arduradun Isabel Artiedak.
Bestetik lan baldintzen hobekuntza nahi dute: "Azken urteetan eros ahalmenaren %20 galdu dugu". Baina gobernuak adierazi du dagoeneko ez duela soldata igoera orokorrik eginen. "Momentu honetan tokatzen da entzutea dirua ez dagoela, eta ez da egia. Nahi badute, aukera izanen dute igotzeko soldata. Nahi dutenean egiten dute-eta". Medikuen sindikatuari, esate baterako, 400 euroko soldata igoera proposatu die Osasun Departamentuak, hilero, hamalau pagetan.
Gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu du Artiedak, eta langile askori greba eskubidea urratu diela gobernuak.
Eguerdiko 11:30ean elkarretaratzea eginen dute sindikatuek Nafarroako Jauregiaren aurrean. Arratsaldean berriz, manifestazioa izanen da Iruñean.