Entzutekoak

Gizalabak | Plan Marta

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 14a, 18:28

Lan egitera Australiarako bidea hartu zuten Euskal Herriko hainbat emakumek 60ko hamarkadan, baina han aurkitutako errealitatea bestelakoa izan zen.

Gaur San Valentín eguna ospatzen dugu, maiteminduen eguna. Batzuentzat oso egun polita, beste batzuentzat gorrotatzeko eguna.

Ikuspuntu hori bizipenen menpean egongo da, ezta? Horregatik, amodioak zoriontasuna ematen badizu San Valentin eguna begikoa izatea errazagoa da, zorionekoa izaten ez bazara baino. Edo egun horretan negozio egiteko aitzakia bat besterik ez baduzu ikusten paso egingo duzu eta oso erromantikotzat hartzen baduzu ba ospatuko duzu topera.

Beno ba gaur, amodio gora, amodio behera, oso esperientzia bitxia ekarriko dugu. Eta ez, gaurko protagonista ez da gizalaba bakar bat izango, 700 baino gehiago baizik. “Martak” ziren horiek, Plan Martaren bitartez bidaiatu zutelako. Zergatik edo zertarako? Bada senar bila joan ziren Australiara.

Agian gogoan izango duzu pelikula hura, “Caravana de Mujeres” zelakoa. Bertan, XIX. mendearen erdialdean, Chicagotik Kaliforniaraino, mendebaldeko herri bateko gizonekin ezkontzeko 5.000 kilometroko bide luzea egiten zuen emakume talde baten istorioa kontatzen zen.

Bada antzeko zerbait gertatu zitzaien gaurko gizalabei. 1960 eta 1963 bitartean estatuko 700 emakume baino gehiago, gehienak Nafarroa eta EAEkoak, nahiz eta madrildarren bat, asturiarrak, eta, azkeneko bidaian Andaluziatik joandako asko ere egon, joan ziren Australiara etxeko langile gisa lan egitera.

Bi urteko kontratua sinarazten zieten, etxeko zerbitzari gisa lan egiteko. Hegazkinez bidaiatzen zuten, eta bi urteko epe hori beteta, bertan geratzea edo alde egitea erabaki ahal zuten. Baina hogeita lau hilabete horiek igaro baino lehen itzultzea erabakitzen bazuten, bidaiako dirua itzuli behar zuten, eta hori pentsaezina zen, soldata urte batzuen parekoa baitzen.

Emakume haiek ez zekiten kontratuak ez zuela inolako baliorik. Azpiko asmoa beste bat zen eta. Australiako eta Espainiako gobernuek hitzarmen bat sinatua zuten familia espainiar eta sendoak osatzeko helburuarekin. Horretarako, Australian zeuden estatuko gizonek jatorri berberako emazteak ezagutzeko aukera izango lukete.

Eta zergatik egin zen hori? Bada, Australiako gobernuak migrazioa onartzen baitzuen lan egin zezan; eta Espainiakoak langabezia murrizten baitzuen zenbait eremutan, eta dibisak jasotzea bermatzen baitzuen. Kontuan hartu behar dugu emakume horiek joan baino lehen gizon pilo bat joanak zirela azukre-kanabera jasotzeko lanetan aritzera; beraz han zeuden lan egiten. Hori dela eta, Australiako gobernuak eskulan merkea lortua zuen eta Espainiakoak langabeziaren kopurua txikia, lehen esan dugun bezala.

Espainiaren migrazio-programa honetan parte hartzeko hautaketa irizpide zorrotzen arabera egiten zen. Oso debotoak izan behar zuten emakumeak, ezkongabeak eta ezkontzeko adinean egon. Hautaketa hori egiteko, bi gobernuek Elizaren laguntza zuten. Horrela, Espainiako elizak parrokien, argitalpenen eta abarren bidez deialdia egiten zuen eta ondo aukeratzeaz arduratzen zen; eta australiarrak ekitaldi sozial batzuk antolatzen zituen gizonak eta emakumeak elkartzeko helburuz.

Baina hara joan ziren emakumeek horri buruz ez zekiten deus. Hauek joan ziren Australiara etxeko lanetan lan egitera. Horregatik, izugarrizko ustekabea hartu zuten aireportuan bertan Australiako leku guztietatik joandako gizon mordo bat ikustean. Melbournerako bidaia ordaintzeko batzuek hilabeteak zeramatzaten dirua aurrezten.

Eta emakumeek ez bazekiten deus, nola enteratu ziren gizonak? Bada “celebrity” asko bezala, “hedabideengatik”.  Australian instalatuta zeuden gizon emigratuak, emakume gazteen etorreraren jakinaren gainean zeuden, beren neska-lagun bihur zitezkeenak, hala iragarri baitzen Australiako prentsan! Izan ere, lehen espedizioaren etorrerarekin batera, albiste bat agertu zen, hegaldiari 'emaztegaien hegazkina' esaten ziona.

Beraz, gizonek ezkontzeko zeukaten aldez aurretiko jarrera garbia zen, eta aipatu dugun bezala, Elizak eta gobernuek bidea erraztu  zieten. Emakumeak iritsi bezain pronto festa batzuk antolatu, eta listo. Haietan etxetik urrun hiru urte zeramatzan gizonek eta iritsi berriak ziren neskek elkar ezagutzen zuten. Eta testuinguru horretan zer gertatzen zen erraza da imajinatzea:  talde bat hizkuntza berean hitz egiten, etxeko musikarekin, herriminarekin, alkoholarekin...

Ba hori, ohikoa zen bikote asko osatzea. Eta emakumeak oso elizkoiak zirenez, berehala ezkondu nahi zuten harreman sexualak izateko. Gainera, askok ezkontza irtenbidetzat hartzen zuten, behin ezkonduta, etxe zerbitzari lana uzten zutelako. Total, ezkontzak hilabete pare batean egiten ziren.

Ingeleseko eskolak ere  jende berria ezagutzeko leku aproposa izaten ziren, eta hara joandako emakumetariko batzuk italiarrekin eta bulgariarrekin ere ezkondu ziren.

Emakume asko etxera bueltatu ziren hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetatik aurrera, alargundu ondoren edo, batez ere, seme-alabak kultura 'arraro' batean haztea saihesteko, familietatik urrun. Kontuan izan behar da, gizonak bezala, Australian bi urtez bakarrik egoteko ideiarekin joan zirela, eta, azkenean, askoz denbora gehiago geratu zirela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!