Kirolean oso garrantzitsua da gorputzak kirolariari ezartzen dizkion mugak eta horiek ezagutzeko programa martxan jarri zuen 2022an Nafarroako Kirol Institutuak. CEIMD, Kirol Medikuntzaren Ikerketa eta Ikasketa Zentruaren bidez egin dute hori eta ikerketan parte hartu zuten 108 kirolarietatik bederatzik bihotz arazoren bat erakutsi dute.
Kardiopatiaren susmoa edo diagnostikoa duten kasuei jarraipen klinikoa eta tratamendua eskaintzen zaie, behar izanez gero. Gainera, 2022aren amaieratik, jarraipen hori kirolari bakoitzaren Osasunbideko historia kliniko informatizatuan txertatuta dago, familia mediku zein espezialisten maneiua erraztuz eta inongo informaziorik ez galtzeko aukera emanez.
CEIMDko zuzendariak, Diego Reyerok, adierazi duenez, ezin da zalantzan jarri ariketa fisikoa modu erregularrean egitea ohitura osasungarria denik, arrisku kardiobaskularreko faktoreak kontrolatzen laguntzen denik zein, kirolaren bidez, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua murrizten eta heriotza-tasa murrizten laguntzen denik. Hala ere, kirola egitea, zoritxarrez, ez dago arrisku faktoreetatik kanpo, eta ariketa egitean gertakari kardiobaskular larriak izan ditzakegu, hala nola kirolariaren bat-bateko heriotza.
Goi-mailako edo errendimendu handiko Kirolariez, langile teknikoez edo epaileez gain Nafarroako Kirol Institutuak, saskibaloiko, eskubaloiko eta atletismoko federazioen laguntzarekin, prebentzio-programan sartu ditu 14 eta 16 urte bitarteko kirolariak, ahalik eta federatu gehienengana iristeko helburuarekin, osasun-azterketa oso bat egiteko, gutxienez kirol-aldian behin.
Aurkezpenean, CEIMDk dei egin die klubei eta federazioei kirolarien bat-bateko heriotza prebenitzeko programan parte har dezaten, bizitzak salbatzeko modu eraginkor gisa.
Kiroleko bat-bateko heriotza zorigaiztoko gertaera da, bat-batean eta ustekabean gertatzen dena kirol-jardueran, arrazoi naturalengatik, itxuraz osasun-egoera onean dagoen pertsona batengan. Intzidentzia ez da handia, baina eragin handia du familiartekoengan eta gizartean, askotan ondo entrenatutako eta errendimendu bikaina duten kirolariengan gertatzen delako, baina ez zekiten gaixotasun kardiobaskularrak zituztenak izan zitezkeenik.