Osasuna

Banan-banan batzen

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko ots. 13a, 07:45

Chimy Avila, baloia zutoinera bidali zuen errematean. (Argazkia: Osasuna).
  • Partidu sufritu batean, gorritxoek irabazteko aukerak izan zituzten, Chimy Avilaren eta Brasanacen erremateekin. 
  • Aridane izan zen hoberena, eta Iker Muñoz gazteak debuta egin zuen lehen taldearekin. 
  • Bosgarren txartel horia ikusita, Avila eta Juan Cruz  baja izanen dira Real Madriden aurka. Torro min harturik erretiratu zen. 

Jagoba Arrasateren taldea joko krisi batean sarturik dago, Kopako finalerdietara sailkatu zenetik: jokoa ez da lehen itzulian bezain distiratsua, taldea jada ez da hain erraz egiten baloiaren jabe. Baina, halere, puntuak urratzen segitzen du. Orain, banan-banan: jarraian, hiru norgehiagoka berdindu ditu etxetik at, Elcheren, Espanyolen eta Valladoliden aurka, eta, horri esker, Europako postuetatik hiru puntura dago, eta jaitsieratik hamarrera, 9. postuan, 30 punturekin.

Atzo, aurkaria gehiago izan zen, batez ere lehen zatian. Sufritzea egokitu zen eta, halere, irabazteko aukera argiak izan zituen Gazteluko plazako taldeak: Chimy Avilak 53. minutuan zutoinera bidalitako errematea eta, batez ere, Brasanacek 81.ean ahoko zuloan huts egindakoa.

Jose Zorrillako zelaira baja garrantzitsuekin iritsi zen talde gorritxoa, batez ere defentsan, Nacho Vidal, Ruben Peña, Daniel Moreno eta, azken orduan, David Garcia min harturik. Edonola ere, defentsa bat izan zen hoberena: Aridane. Tazacortekoak partida biribila egin zuen. Beste albiste on bat: Iker Goñi harrobiko 20 urteko gazte alesbestarrak debut txukuna egin zuen lehen taldearekin.

Partidaren ifrentzua, atzoko puntua garesti atera dakiokeela Osasunari. Izan ere, Chimy Avilak eta Juan Cruzek bosgarren txartel horia ikusi zuten eta Lucas Torrok arazo fisikoekin hartu behar izan zuen aldageletarako bidea. Baja gehiago, larunbatean, 21:00etan, Sadarren, Real Madriden aurka jokatuko duten norgehiagokara begira.

Jagoba Arrasatek berdinketa bidezkoa izan zela aitortu zuen norgehiagokaren amaieran: “Golik ia ere, gauza asko gertatu dira. Lehen zatian gehiago izan dira gu baino, eta sufritzea tokatu da. Bigarren zatian bi taldeak garaipenaren bila joan dira. Aldaketekin arrisku batzuk hartu ditugu bai guk eta baita haiek ere. Hor ikusi dira aukerarik hoberena, tsizioekin, alde batera eta bestera. Irabazterik ez dagoenean, puntua ontzat eman behar da, eta aurrera”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!