Gizonezkoen taldea entrenamenduetara itzuli da gaur goizean Taxoaren, Espanyolen aurka banakoa lortuta, bi eguneko atsedenaren ostean. Ariketa anitzak egin dituzte eta Lucas Torro taldearekin entrenatu da. Nacho Vidalek, Ruben Peñak eta Aimarrek errekuperazio lanetan jarraitu dute.
Bihar taldea ateak irekita entrenatuko da berriro, 10: 30etatik aurrera, Taxoaren. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldearen hurrengo hitzordua igande honetan da, otsailaren 12an, 18:30ean, Real Valladoliden aurka.
Gaurkoan baina beste albiste bat izan dugu azpimarragarri. Diario de Navarra kazetak aurreratu du Osasunak Alvaro Catena atzelaria fitxatu duela heldu den denboraldirako. Ligan gorritxoek baino hiru puntu gehiago dituen Rayo Vallecanoko jokalaria da egun, eta 29 urte ditu. Ligako atzelari esanguratsuenetako bat da David Garciarekin batera eta doan iritsiko da Iruñera, kontratua ekainaren 30ean amaitzen baitu Vallecasko taldearekin.
Ordutegiek kaltetuta
Gizonezkoen taldearekin lotutako beste albistea ordutegiekin du zerikusia. Aurreko astean jakin genuen kopako kanporaketa martxoaren batean jokatuko dela Sadarren, Athletic-en aurka. Bada Bilbotarrei mesedea egin die Ligak. Iruñean jokatuko den finalaurrekoen lehen partiduaren atarian, igandean jokatuko dute San Mamesen, 14.00etan.
Gorritxoek aldiz, igandean ere jokatuko dute baina iluntzeko 21.00etan, Sevillan eta horrek nabarmen desorekatuko du talde batek zein besteak duten atsedenerako eta kanporaketa prestatzeko tartea.