Miguel Indurain Fundazioak bere lana ikusaraziko du 25. urteurrenean

Iosu Ganuza Garcia 2023ko ots. 6a, 13:09
Miguel Indurain Fundazioaren urteurrenaren egitarauaren aurkezpena. Iturria: Miguel Indurain Fundazioa

2023an zehar hainbat ekintza eta ekimen antolatuko ditu erakundeak.

Miguel Indurain Fundazioak aurkeztu ditu bere 25. urteurrena ospatzeko 2023an antolatuko dituen ekitaldiak. Miguel Indurain buru duen erakundea 1998an sortu zen, Nafarroako eliteko kirola sustatu eta ikustarazteko.

Txirrindulari ohia da Fundazioaren ikur eta buru, baina Nafarroako Gobernuak kudeatzen du hein handi batean. Rebeca Esnaola kontseilariak erakundeak 25 urte hauetan egin dituen ekintzarik garrantzitsuenak errepasatu ditu, urte hauetan bekadunen kopurua hazi dela azpimarratu du, aurreko legegintzaldian hasi zen emakumeen kirolerako beken gehikuntza nabaremenduta eta Fundazioa garatzen ari den egungo programak aletu ditu. Zehaztu du beti ere Nafarroako gizarteari lotutako proyektuak direla.
 
Esnaolaren hitzetan "25 urte hauetan Fundazioaren lana ez da gizartearen bilakaeratik at egon, kirol arloan eta, ondorioz, gizarte gisa haztea ahalbidetuko diguten ekintzak eta erronkak proposatzeko interpretatu behar izan dituen kezka berrietatik aparte". Horregatik, "kirol egokituarekin, femeninoarekin, autoktonoarekin, orientazio mediko, nutrizional eta psikologikoarekin, talentu gazteentzako laguntzekin edo familiako erantzunkidetasunarekin lotutako programak gehitu" direla jakinarazi du kontseilariak.
 
Erakusketen, hitzaldien zein zinemaren bidez, 25 urtetako historia kontatu kontatzeko asmoa du Miguel Indurain Fundazioak, baina, era berean, "urte guzti hauetako lana ospatu".  Horrekin batera helburu eta erronka berriak finkatu eta bilatzeari ekingo dio. 
 
Ekimen sorta heldu den otsailaren 21an hasiko da BCN Sports Festivalen parte hartu duten zenbait filmeren proiekzioarekin. 23 film izango dira ikusgai otsailaren 21ean hasi eta 28an amaituta. 

Iruñean zein eskualde nagusietan egingo den erakusketa ibiltari batean, erakunderen jarduera ezagutarazteko egiten dituen ekintza nagusiak azalduko dituzte martxotik urrira bitartean. MIFaren beka jaso duten kirolariek urte hauetan izan dituzten lorpen nagusiak ere erakutsiko ditu. Erakusketan erakundearen jatorriari eta bilakaerari buruzko bideo bat proiektatuko dute gainera.
 
Eskoletan kirolaren inguruko marrazki lehiaketa antolatuko dute eta babesletza pribatuari eskerrak emateko bizikidetza jardunaldiak antolatuko dituzte.
 
Udazkenean, azkenik, urteurrena ixteko gala eginen dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!