Osasunak bana berdindu zuen Espanyolen aurka, larunbat arratsaldean Bartzelonan jokaturiko norgehiagokan. Horren ondotik, gorritxoak bederatzigarrenak dira sailkapenean, 29 punturekin.
Kopak eragindako ajearen poderioz, gorritxoek partiduak ixteko giltza galdu dute: Elxen bezala Mallorcan, bat eta huts aurreratu ziren markagailuan, baina, ELchen bezala Mallorcan, azken emaitza banako berdinketa izan zen.
Norgehiagokako albisterik hoberena, 106 egun eta gero, Ante Budimirrek gola sartu zuela, atsedenaldira iristear. Txarrena, handik gutxira, Gil Manzano epaileak Abde egotzi zuela, Espanyoleko Pierre Gabrielirekin batera, bion arteko ika-mika baten poderioz.
Hartara, atsedenaldiaren ondotik, bi taldeok hamarna jokalarirekin zelairatu ziren, eta Diego Martinezena hobeki moldatu zen lehen minutuetan, Jagoba Arrasaterena baino. 59. minutuan, Osasunak gaizki defendaturiko eskuin hegaleko erdiraketa batean, Braitwhaitek Espanyolen berdinketa egin zuen.
Torro min hartuta, Pablo Ibañez, Darko Brasanac eta Ruben Garcia aulkitik atera ziren zelai erdia berrindartzeko, Moi hegalera joanda. Baloiaren jabetza lortu zuten, bai, baina antzua, bigarren zati osoan ez baitzuten atera jaurti.
Moncayola izan zen hoberena zelaian, eta zintzoena, mikrofonoen aitzinean: bi puntu galdu zituztela aitortu zuen eta. Arrasate, aldiz, bidezkoena berdinketa zelakoan zegoen, zelaian ikusitakoagatik. “Pena ematen digu berriro markagailuan aurretik jarrita ezin izan diogula horri eutsi. Hori da ikasi behar duguna. Futbolean egun oso zaila da aurretik jartzea, eta lortzen duzunean eutsi behar diozu”.
Bi jai egunen ondotik, jokalariak bihar itzuliko dira entrenamenduetara, igandean Valladoliden jokatuko duten partidua prestatzeko.