Osasunak Athletic-en aurka jokatuko du emakumezkoen Kopako final-laurdenetan. Lehen mailako historikoetako bat da Lezaman jokatu ohi duen taldea, normalean goiko partean izan ohi dena maila gorenean, baina aurten kostata ari dira puntuak batzen.
Lau jokalari nafar dituzte bilbotarrek haien lehen taldean: Eunate Arraiza, Marta Unzue, Mariana Cerro eta Ane Azkona.
Partidu bakarrera jokatuko da kanporaketa eta Iruñean izanen da.
Gainontzeko kanporaketak honakoak izan dira: Alhama-Tenerife; Granada-Atletico de Madrid; Villareal-Real Madrid.
Barçaren helegitea
Futbol Federazioko Apelazio Batzordeak ez du onartu Bartzelonak aurkeztutako helegitea. Gorritxoek partidu hura galdu ostean Geyse Ferreira, zigorturik egon arren, Sadarren jokatu zuela salatu zuten. Horrenbestez, berretsi egin du lehiaketa-batzordearen zigorra, eta partida irabazitzat eman die gorritxoei.
Beste kontu bat da Kataluniako taldeak erabakiari men egingo ote dion, Sevillak duela hamar egun egin zuen bezala: Nagore Calderonek Vila-realen aurkako Kopako norgehiagokan behar ez bezala zelairatu zuen talde andaluziarrak eta bere akatsa onartu zuen. Sevillak ez bezala, Bartzelonak ohartarazi zuen orduan ere «zigorra saihesteko helburua lortu ezean», «azken instantziara arte» jarraituko zuela, «uste duelako kasu honetan akatsak izan direla eta, ondorioz, ez delabidegabeko zelairatzerik izan». Kirol-justiziaren esparruan, erakundeak TADera, Kirol Arbitrajeko Epaimahaira, jo dezake, eta horretarako bi asteko epea du, nahiz eta final-laurdenetako zozketa ere gaur eguerdian egingo duten.
Lehiaketa eta Apelazioa bat etorri dira Bartzelona zigortzeko eta bere errekurtsoak ez onartzeko arrazoietan, non Geyseren bidegabeko hamaikakoa onartzen zen, baina zehapenaren jakinarazpenik eza argudiatzen zen. Biek berretsi dute jokalariaren zigorra datan eta bide egokian jakinarazi zela eta kontsulta zitekeela horretarako prestatutako kanaletan.