Neguko merkatua lasaia izan da gizonezkoen Osasunarentzat. Zalantza bakarra etete klausulen ordainketen inguruan izan da, baina azkenean inork ez ditu horiek exekutatu, zorionez.
Roberto Torres eta Juan Perez atera dira, eta biei ateratzeko erraztasuna eman die klubak.
Kike Saverio ere joan da, min hartu zuen iaz Ponferradan, eta kontratua amaitzen zuen aurten. Berritu behar ez zuenez, orain atera da Coruña aldera. Irteerak adostuta, Osasunak aurreztu egin du soldaten ordainketan, baita heldu den ikasturteko soldata mugan ere.
Javi Martinez utzita zegoen Albaceten, minutu gutxi izan ditu eta minutu bila joan da Huesca aldera.
Zeharka bada ere, prentsaurrekoan Braulio Vazquez kirol-zuzendariak aitortu du beldur zirela David Garciaren klausula ordainduko ote zuten, “20 milioi ez baitira asko Ingalaterrako klubentzat”. Gaineratu du Vazquezek jokalari garrantzitsuengatik galdezka deitu dutela hainbat taldek. Uste du erabakigarri izan dela harrobiko jokalariak izatea, eta taldearen kirol egoera, kopako finalerdian.
Jokalari zenbait eskaini omen dizkiote Gaztelu plazako erakundeari, Vazquezen hitzetan “taldea nabarmen hobetuko lukeen jokalariren bat edo beste ere bai”, baina gorritxoek dutenari eustea erabaki dute.
Nacho Vidal eta Peñaren lesioei aurre egiteko ere “aukera izan genuen eskuin hegaleko atzelariren bat ekartzeko” baina “Taxoarera begiratu eta Diego Morenori aukera eman eta harekin probatzea lehenetsi genuen” zehaztu du.
Oharra bidali du kirol-zuzendariak, Osasunak ametsa bizi du egun, baina egoera aldatu daiteke une batetik bestera. Adibide gisa jarri du iazko Rayo Vallecano. 28 puntu zituen lehen itzulia, amaitzean, kopa finalaurrekoan zen, gorritxoak bezala. Bigarren itzulian 12 puntu batu zituen soilik.
Honetaz gain etorkizunera begira ere bi gako aipatu ditu. Batetik taldearen fitxaketa politika erabat baldintzatua dagoela harrobiko jokalariek eman dezaketen mailarengatik. Izan ere, azken urteetan Jon Moncayola eta Aimar Orozek hasieratik “sekulako” errendimendua eman dute, baina Braulio Vazquezen ustez, gerta liteke “hurrengoari gehiago kostatzea”.
Bigarren gakoa, Jagoba Arrasate entrenatzailearen jarraitutasunari buruzkoa izan da. Galiziarraren ustez Martin Monrealen errekorra apurtu berri duen entrenatzaileak “Osasunan luzaro jarraitu nahi du” Pedro Mari Zabalzaren “errekorra apurtzeko asmoa baitu”. Horretarako beste bi denboraldi eman beharko lituzke gorritxoen aulkian.