Osasunak finantza-arloa berrantolatu du

Iosu Ganuza Garcia 2023ko urt. 31a, 13:09

Jose Antonio Marco Sanchez izango da finantza-arloko zuzendaria. Kudeatzailearen figura desagertuko da. 

Klubak erabaki du bulegoetan berrantolaketari ekitea, zehazki arlo ekonomikoan. Atzo erkidegoko prentsan irakurri ahal izan genuen Angel Ardanaz ez dela aurrerantzean Gaztelu plazako erakundearen kudeatzaile izango, eta arratsaldean Osasunak berak zehaztu zuen finantza arloaren berrantolaketaren nondik norakoa.

Berrantolaketari ekiteko argudioa izan da, klubaren aurrekontua eta bete-behar ekonomikoak izugarri hazi direla. 

Hasteko eta behin, kudeatzailearen figura Fran Canal-ek hartuko du. Polemika handiek inguratutako figura da Canalena eta orain beraz, Zuzendari Orokor izateaz gain, kudeatzailearenak ziren zenbait erabaki hartu beharko ditu orain.

Bestalde, Osasunak bere Finantza arloa berrantolatuko du otsailaren 15etik aurrera, eta Jose Antonio Marco Sanchez izango da arlo horretako arduraduna. Erakundeko finantza-zuzendari izango da, estatutu berrietan ezabatutako kudeatzailearen figura ordeztuko du. Harekin Gonzalo Fraucak, orain arte Osasuna Fundazioko kudeatzailea izan denak, Tamara Urrozek, administrari gisa jarraituko duenak, eta Paula Díaz Leblic-ek, gaur egun klubeko Big Datako proiektuez arduratzen denak, osatuko dute arlo ekonomikoaren zutabe nagusia.

Gainera, Zuzendaritza Batzordeak Angel Ardanaz, orain arte klubeko kudeatzaile izandakoa, Osasuna Fundazioko zuzendari kudeatzaile izendatzea erabaki du.

Azkenik, Jose Manuel Piquer Martín-Portugues, zuzendaritza batzordeko kidea, Osasuna Fundazioaren bozeramaile aukeratu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!