Atzoko porrotaz gogoeta egiteko ia denborarik izan gabe, gaur ezagutu du Osasunak nor izango duen finalaren atarian aurkari. Euskal derbia izanen da finalaurrekoan, gizonezkoen Osasunak Athletic Club Bilbao izango baitu arerio.
Joaneko partidua otsailaren 28an edo martxoaren lehenean edo bigarrenean izanen da, Sadarren. Itzulia aldiz apirilaren 4, 5 edo 6an.
Hiru aurkarigai zituzten gorritxoek, Athletic, Barça eta Real Madrid. Bada azkenean Madrilen eginiko zozketaren bolek erabaki dute final aurrekoan Osasuna-Athletic eta Barça-Real Madrid lehiatzea.
Kike Garciak egin du lehen balorazioa zuzenean Taxoaretik. Manchako aurrelaria pozik azaldu da emaitzarekin, zehaztuta taldekideei "berdin zitzaiela zein aurkari izan aurrean". "Ilusionatuta gaude Sadarren kopako beste kanporaketa bat lehiatzeagatik" zehaztu du Kike Garciak, gaineratuta "ziur zaleen ilusioa ere agerikoa dela". "Gogotsu" daudela adierazi du ere Kopako golegile nagusietako batek.
Datozen orduetan zehaztuko dituzte joaneko partiduaren data eta ordu zehatzak.