Ongi ez da aski. Erran nahi baita atzo Osasunak ongi jokatu zuela, baina hori ez zela aski izan garaipena lortzeko, edo sikiera berdinketa, Ligako talde handietako baten aurka.
Azkenaldiko kopako eta ligako norgehiagoka ugarien ondorioz, Jagoba Arrasatek errotazioak egin zituen hasierako hamaikakoan. Aimar kanpoan geratu zen, arazo fisikoekin. Pablo Ibañezek, aldiz, hasieratik jokatu zuen. Baita Aridanek ere.
Berriatukoaren hitzak erabilita, taldeak baloiarekin defendatu zuen bere burua. Hau da, gorritxoek baloiaren jabetza izan zuten partiduaren tarte askotan. Lehen zatian, gol aukera argirik sortu gabe. Bigarrenean, abagune argiak erdietsiz, batez ere Chimy Avilaren eta Moi Gomezen bitartez.
Alta, 74. minutuan, atzealdeak huts egin zuen. Inork ez zuen baloia ateratzen ari zen De Paul presionatu. Jokoz kanpoko marra ez zuten behar bezala zaindu. Hartara, Saulek defentsei bizkarra hartuta, erraz gainditu zuen itor Fernandez Zero eta batekoa egiteko.
Datu bat: Saulek bi urte zeramatzan golik sartu gabe. Klasiko bat, gurean. Beste datu bat: Atleticok Sadarren jarraian irabazten duen bosgarren neurketa.
Arrasate etsita azaldu zen kazetarien aurrera: “Partidua aztertzen dugunean ikusiko dugu gauza batzuk ongi egin ditugula, eta gauza horiek egiten segitu behar dugula, baina partidua amaitzen denean burura datorren lehen gauza da haserre hori, edo pena hori, detaile bategatik galdu dugulako”.
Nolanahi ere, harmailetan izandako giroarekin pozik azaldu zen: “Zentzu horretan bolada onean gara. Taldea sentsazio onekin dago. Lehen itzuli ona egin dugu, eta Kopa ere bai. Jendea pozik dago gurekin eta hori sumatzen da”.
Izan ere, Osasunak zazpigarren postuan eta 28 punturekin amaitu du lehen itzulia. Eta Kopako finalaurrekoetara sailkatu da. Gaur eguerdiko ordu batean eginen dute horietarako zozketa.