Zero azpian lehia, zaleen epelean

Iosu Ganuza Garcia 2023ko urt. 25a, 13:32
Jokalariak atzoko entrenamenduan. Iturria: C.A. Osasuna

Osasunak finalerdiak jokatu nahi ditu 18 urte geroago.

Ilusio handia eragin du final laurdenetara igarotzeak Iruñean osasunazaleen artean, baina Jagoba Arrasatek “gain-kitzikatze” hori kontrolatzeko oharra zabaldu du.

Izan ere kopan aurrera egin eta ligan helburuak gainditzen jarraitzeko gorritxoek ezinbestekoa dute eguneroko lana. Gaurkoan denboraldiaren gehiena Kopan jokoan duen arerioa izanen dute aurrean, Sevilla.

Makal dabiltza andaluziarrak ligan, baina asteburuan irabazita apur bat aldendu dira jaitsiera postuetatik eta lasaitasun handiagoz helduok diote gaueko hamarretako hitzorduari.

Osasunak erakutsi beharko du ordea Elxen soilik irrist egin zuela eta aurreko astean Benito Villamarinen erakutsitako maila berriro ere Sadarren zelairatzeko gai direla. Handinahi azaldu da Jagoba Arrasate entrenatzailea, azalduta partidua prestatu egin dutela kanporaketa irabazteko.

Tenperatura hotza izanen da gaueko hamarretatik aurrera Sadarren, eta partidua 120 minutuz luzatu daiteke. Zaleen beroa eta bultzada sentitzea espero du Berriatukoak.

Aurrekariak onak dira gorritxoentzat, 2003an eta 2005ean final laurdenetan ere Sevilla, elur eta izotz artean, kanporatzeko gai izan baitziren, baina kirolean estatistikak ez du balio handiegirik. Partiduaren berri emanen dugu sintonia honetan, FM98.3an eta www.euskalerriairratia.eus -en zuzenean 21.45etik aurrera.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!