Bi erakundeek, datozen lau urteetan, bientzako interesa duten proiektuen inguruan harremana estutzea erabaki dute, eta hala islatu dute Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak eta Euskaltzaleen Topagunea Federazioko lehendakari Kike Amonarrizek Andoainen sinatu berri duten hitzarmenean.
2020az geroztik bi erakundeak lankidetzan ari dira Nafarroako Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa proiektuan, Eusko Ikaskuntza buru dutela, bai eta Euskaltzaleen Topagunearen Euskararen Aldekotasuna Handitzeko Gakoak Nafarroan ikerketan ere. Esperientzia horien balorazio positibotik abiatuta, hitzarmen berriak harreman kualifikatuen esparrua finkatzen du, erakundeetako bakoitzak dituen helburuak zehaztasunez eta kalitatez lortzen laguntzeko.
Hitzarmen horren arabera, bi erakundeetako osatutako jarraipen batzorde batek une bakoitzean zehazten dituen jardueretan lagunduko dute, abian diren proiektuetan zuzenean inplikatuz edo lan eta ikerketa arloetan ezagutza trukatuz. Zehatzago esanda, aurten Topaguneak 2024an Eusko Ikaskuntzak egingo dituen biltzarretan parte hartuko du. Era berean, Eusko Ikaskuntzak Topaguneak euskararen erabileran jauzi bat egiteko sustatuko duen Aldaketaren Teoriaren prozesuaren alde egingo duela bermatzen du.