Aurrez aurre jarri dira ezezkoan irmo sozialisten aurrean Geroa Bai eta Ahal Dugu gobernukideak. Esklusibotasuna ezabatzeko aukera lantzeko eskatu zien Osasun departamentuak orain bi hilabete gobernuko kideei, baina denen artean eztabaida hori egin gabe azaldu da prest departamentua neurria ezabatzeko.
PSNk, berriz, departamentuaren lana goraipatu du, negoziatzen eta hitz egiten ari direla nabarmenduz, greba geldiarazteko. Beste erkidegoekiko lehiakortasuna hobetuko luke neurriaren ezabapenak, Ramon Alzorrizen iritziz. Eta bat egin du horrekin Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra Sumako bozeramaileak. Nolanahi ere "Nafarroako osasunaren arazoa askoz handiagoa" dela esan du erregionalistak.
EH Bilduk eramanen du gaia osteguneko osoko bilkurara. Galdera zehatza eginen dio alderdi subiranistak Maria Txibite presidenteari: Zertan hobetuko du osasungintza publikoa medikuen esklusibotasuna ezabatzeak? EH Bilduk nahiko garbi du erantzuna: "Osasun sistema publikoa pribatizatzeko beste urrats bat izanen da".