Joan den astean hitz eman zuen azkenekoz Osasun kontseilari Santos Indurainek osasun garraio zerbitzurako enpresa publiko bat sortuko dutela, Aste Santuaren aurretik. Ez da lehenengo promesa, gaur, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek salatu dutenez. Sei urte dira hitzemateak bata bestearen atzetik egin dizkiela gobernuak.
Sindikatuek hilabeteak daramatzate gogoratzen 2016an lan-mahai bat eratu zela garraio sanitarioari buruz, ordezkari sindikalen, alderdi politikoen eta Gobernuaren parte-hartzearekin, garraio-eredu eraginkorrena definitzeko. Gainera, azpimarratu dute 2019ko akordio programatikoak enpresa hori sortzea aurreikusten zuela, eta 2022ko ekitaldirako gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu-akordioak ere jasotzen zuela 2023ko lehen hiruhilekoan martxan jartzeko berariazko konpromisoa.
350 langile inguru ari dira lanean egun osasun garraioaren sektorean, Nafarroan, enpresa pribatuetarako. Zerbitzuaren kalitatea nabarmen okertu da langileen iritziz: "Enpresak ez dakite noiz arte ariko diren, eta beraz, ez dute dirurik ia inbertitzen".
Nafarroako Parlamentuan lan saioa izan dute gaur langileen ordezkariek parlamentariekin haien egoeraren berri emateko. Ondoren, Balear Uharteetako Osasun Zerbitzuko ordezkaritza batek parte hartu du batzordean, bertako osasun-garraioko enpresa publikoaren lanari eta funtzionamenduari buruzko informazioa partekatzeko.