Osasunak bat eta huts irabazi zuen Mallorcaren aurka, larunbat arratsaldean Sadarren jokatutako norgehiagokan. Garaipen horren ondotik, gorritxoak zazpigarrenak dira sailkapenean, 27 punturekin, eta beraz Europan jokatzeko aukera ematen duen lekuan.
Munduko koparen etenaldiaren ondotik indarge aritu zen Osasuna, jarraian etxetik at jokaturiko bi euskal derbietan. Etxean, ordea, taldea berpiztu egin zen. Sadarrek taldea berpiztu egin du, denboraldi honetan ohikoa denez: Osasuna etxean Ligako bigarren talderik onena da, Barçaren ondotik.
Klasikoek lioketen moduan, partidak bi zati eduki zituen, lehena eta bigarrena. Lehenean, Mallorcak, bere bost atzelariekin, gorritxoen jokoa katramilatzen asmatu zuen. Bigarrenaren hasieran, ordea, Abde, Moi eta Aimar Orozen artean gol ederra asmatu zuten.
Gola ez zen kasualitatearen fruitu izan, baizik eta Jagoba Arrasatek jokalari tekniko eta erasokorren alde egindako apustuaren ondorioa: goleko jokaldian esku hartu zuten hiru jokalarioz gain, Chimy Avila eta Ante Budimir sartu zituen hasierako hamaikakoan.
Golaren ondotik, Osasunak baloiaren jabetza eta partidaren kontrola bereganatu zituen, eta Moi Gomezek erakustaldia eskaini zuen: 104 pase egiten saiatu zen, eta 94 ongi atera zitzaizkion. Osasunako jokalari bat norgehiagoka batean 100 pase baino gehiago egiten saiatzen den lehen aldia da.
Partida txukuna egin zuten beste bi jokalari, defentsako eskuin hegalean, Sadarren debuta egin zuen David Moreno; eta inork gutxik espero arren erdiko atzelari moduan jokatu zuen Aridane Hernandez.
Asteazkenean Kopako kanporaketa izanen du Osasunak Sevillan, Betisen aurka. Ligako hurrengo partida igandean jokatuko du, laurak eta laurdenetan, Elxen.