Hiztun berriak dira hizkuntzaren etorkizuna bermatzerakoan oinarri garrantzitsua eta horiei zuzentzen zaie ‘Euskara gora eta gora beti’ kanpaina. Zehazki familiengana iritsi nahi du Euskarabidearen kanpainak haurrak euskara ezagutzera eta euskarako hizkuntza lerroetan matrikulatuz zabaltzen dieten bidea balioan jarrita.
Ana Ollo Herri Harremanetarako kontseilariak azpimarratu nahi izan du "euskara elementu baliotsu eta baliogarria" dela.
Nafarroako Gobernuak euskararen zaintza barnebildu zuen akordio programatikoan eta Ollo kontseilariaren hitzetan "batzen duen elementua da", Nafarroa lurralde anitza izanik "kohesio elementua" da bertako hizkuntza.
Gurean bizi den aniztasun sozial eta kulturalaz jakitun kanpainaren euskarriek heldu eta haur profil anitz irudikatzen dituzte, atzean Nafarroako paisaia desberdinak dituztela. Afixetako batek migrante heldu bat haur batekin irudikatzen du, eta mezua euskaraz eta gaztelaniaz gain, frantzesez, ingeleraz eta arabieraz azaltzen da.
Migranteak komunitatearen parte egiteko tresna gehigarritzat azpimarratu du Ollo kontseilariak bertako hizkuntza.
Gaurtik hasi eta urtarrilaren amaiera bitarte gauzatuko da ‘Euskara gora eta gora beti’ kanpaina euskarri fisiko eta birtualetan eta hedabideetan.