Idoia Saez AEK-ko Irrintzi eta Iruñezar euskaltegietako irakaslea da Iruñean. Joan den irailean, AEK-ko beste hainbat kiderekin batera, matrikulazio kanpainaren berri ematen zuten kartelak paratu zituzten Iruñerriko hainbat txokotan.
Iruñean, Udaletxe plazaren eta Kale Berriaren arteko erdibidean afixak jartzen ari zirela, udaltzainak hurbildu zitzaizkien: “Esan ziguten dei bat jaso omen zutela, baina isunean ikusi dugu kalez jantzitako udaltzainek egin zutela dei hori eta kameren bitartez ere ikusi gintuztela. Esan ziguten deia jasota ezinbestean identifikatu behar gintuztela, eta partea egin behar zutela. Esan genien Iruñeko Udalaren diru laguntza jasotzen dugunez, kartelean udalaren logoa ageri zela eta identifikazioak ez zuela zentzurik”.
Abenduaren 21eko datarekin, zigorra jarri diote. Jokabide publikoak sustatzeari eta espazio publikoak babesteari buruzko Udal Ordenantzaren 36. artikulua urratzeagatik, 150 euro isuna jarri diote. Idazkia nola helaraziko, eta gaztelaniaz: “Gaztelania batu eta hutsean iritsi da isuna, eta horrek Iruñeko Udalaren Euskararen Ordenantza urratzen du”.
Gertaturikoa Iruñeko Euskalgintzaren esku utzi du Saezek: “Momentuz ez dakigu zer eginen dugun. Iruñeko Euskalgintzaren esku utzi dut. Haiekin jarri naiz harremanetan. Urtarrilaren 31n amaituko da kanpaina. Orduan erabakiko dute zer egin”.
Iruñeko Euskalgintza hain justu kanpaina egiten ari da, Iruñeko Udalaren Hizkuntza Eskubideen Urraketak salatzeko, Udalak nirekin euskaraz leloarekin. Salaketak whatsapp bidez bidal daitezke 623 36 38 11 zenbakira, baita telefonoa@behatokia.eus helbide elektronikora ere.