“Erreparaziorako abiapuntua da torturaren ikerketa”

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 10a, 12:13

Torturaren inguruko ikerketa osorik amaitzeko eskatu dio Nafarroako Torturatuen Sarea elkarteak Nafarroako Gobernuari. Torturaren ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak ikertu behar direla zehaztu dute Oihan Ataun eta Eneko Compains kideek.

Nafarroako torturatuek sarea sortu zutenetik egin duten eskakizuna da ikerketa independente, serio eta zientifikoa. Atzo aurkeztu zuen EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak 1979tik gaur egunera arteko torturari buruzko txostena. Torturaren errealitatea gizarteratzeko urrats garrantzitsutzat hartu dute torturatuek. EHUko ikerlariek bezala, ordea, egin beharrekoa ez dute amaitutzat eman sareko kideek. “Ikerketa hau ez da behin betikoa. Ikertzen jarraitzeko eskatzen diogu gobernuari, hau hasiera baino ez delako. Jende askok eman du bere testigantza, baina asko dira falta direnak”, azaldu du sareko Oihan Ataunek. Egia argitzen hasiz, aitortza eta erreparaziorako bidean “abiapuntua” ezarri dela zehaztu du. 

1979 eta 2015 artean 676 pertsona identifikatu ditu institutuak Nafarroan torturak eta bestelako tratu txarrak jasan dituztela salatzen dutenak. Hala ere, kalkulatu dute kasu kopurua 825era iritsi litekeela ikerketa osatzerakoan. Atzerago gertatutakoak kontuan izanda, mila kasutik gora izan direla ondorioztatu dute.

Ametsgaizko bukaezinak

Datu adierazgarri gehiago ere azaleratu ditu txostenak. Torturatuen erdiak baino gehiagok 21 eta 29 urte bitartean zituzten erasoa jasotzerakoan. Ehundik bi eta erdi, berriz, adingabeak ziren. Horietako bat da Eneko Compains. Hamasei urte zituenean atxilotu eta torturatu zuten, institutura joaten ari zela: “Hiru anaiak atxilo hartu gintuen Espainiako Poliziak. Orduan sentitu nuen izua ez dut inoiz intentsitate horrekin bizi”. Chinchilla polizia etxerako bidea ezin luzeagoa egin zitzaion, ibilbidea laburra izanagatik ere. Baita atxiloaldia ere. “Niretzat amets gaizto bukaezin bat izan zen. Kolpe iraunkorrak, oihuak, garrasiak, mehatxuak, denetarik… Haien haserrealdiaren gorenean poltsa saio bat egin zidaten”.

Haren belaunaldiak sufritutakoa “independentismoaren eta ezker abertzalearen aurkako poliziaren krudelkeriaren” adibide garbia dela iritzi diote sareko kideek. “Disidentzia politikoaren aurkako tresna izan da”, zehaztu du Ataunek.

Txostena aurkeztuta, lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du Nafarroako Torturatuen Sareak, “EAEn gertatutakoa errepikatu ez dadin”. Bertakoa kaxoi batean gordeta dagoela gogorarazi dute, “deserosoa zaielako”. Txostenaren kudeaketa sakon eta osoa galdegingo du sareak, hemendik aurrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!