Gutxienez 1.068 tortura kasu izan dira Nafarroan

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 9a, 18:32
Nafarroako Torturatuen Sareak egindako agerraldia.
  • Kriminologiaren Euskal Institutuak 1979tik gaur egunera arteko torturari buruzko txostena aurkeztu dio Nafarroako Gobernuari. Tarte horretan, gutxienez 825 kasu izan direla ondorioztatu dute.
  • Kontsultatu ikerketaren datu eta ondorio nagusiak.

Datuak ez dira behin betikoak, Kriminologiaren Euskal Institutuak ez baitu amaitutzat eman lana. Baina lortu dituen emaitzekin, "eskala handiko abusuez" hitz egin daitekeela ondorioztatu dute EHUko adituek. 1979 eta 2015 artean Nafarroan izandako tortura eta tratu txar kasuen ikerketaren laburpena aurkeztu du insitutuak. Gutxienez 532 kasu egiaztatu dituzte. Guztira, aurrez egindako ikerketan (1960-1978) lortutako datuak eta oraingoak batuta 1.068 kasu eta 891 pertsonazenbakitu dituzte, gutxienez.

1979 eta 2015 artean 676 pertsona identifikatu dituzte Nafarroan torturak eta bestelako tratu txarrak jasan dituztela salatzen dutenak. Hala ere, kalkulatu dute kasu kopurua 825era iritsi litekeela ikerketa osatzerakoan.

Kriminologia Institutuak egiaztatutako 532 kasuetatik, %81,6an (434), Nafarroa izan zen atxiloketa-lurraldea; %9,2an (49), Gipuzkoa, eta %4,7an (25), Bizkaia. Adinaren arabera, erdiak baino gehiagok (%54,4) 21 eta 29 urte bitartean zituzten erasoa jasotzerakoan. Torturatuen %2,5 adingabeak ziren. Gehienak, 443 kasu, gizonezkoak izan ziren eta 89 emakumezkoak.

"Indarkeria ukatua da, ikertu gabeko indarkeria, eta, ondorioz, zigortu gabea. Horrek guztiak erakundeekiko eta justizia-sistemarekiko mesfidantza sortu du biktimengan ", azpimarratu du kriminologiaren institutuak.

Txostena Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollori eman diote astelehen honetan, eta hark horrelako txosten baten balioa azpimarratu du. "Beharrezko txostena da, 2017an egindakoa osatzen duena eta biktimak aitortzeko prozesu irekian laguntzeko tresna izango dena".

Erreparaziorako lehenengo urratsa, kaltetuentzat

Nafarroako Torturatuen Sareak agerraldia egin du txostenaren balorazioa egiteko. Biktima guzti horiek pairatutakoa aitortzeko, erreparatzeko eta tortura berriz gerta ez dadin bermatzeko urrats berriak eskatu dizkiete erakundeei eta zuzenean Nafarroako Gobernuari. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!