Gaur du bilera zuzendaritza batzorde erregionalistak. Hor zehaztuko da maiatzerako bidea bakarrik edo eskuineko taldeen laguntzaz eginen duen alderdi erregionalistak. Baina Diario de Navarrak goizean aurreratu du zein den erabakia: “Datozen hauteskundeetara UPN bakarrik aurkeztea nahi du Javier Esparzak”, ziurtatu dute egunkariaren azalean.
Presidentea bakarrik ez, gehiago ere ditu alde Esparzak. Enrique Maia alderdiko presidenteordea eta Yolanda Ibañez idazkari nagusia bat datoz erabakiarekin. Hala berretsi du eguerdian Marta Alvarez Navarra Sumako parlamentariak eta UPNko ekintza politikoko koordinatzaileak.
Oinarrian inkesta bat dago, zeinetan frogatzen den UPN bakarrik aurkeztuta emaitza hobeagoak lortuko lituzkeela. Babestuz, Navarra Suma koalizioak epe bat zuela esan du eguerdian Alvarezek. Gehiago ez du esan nahi izan. Hitz egiten hurrengoa Javier Esparza izanen da, prentsa konbokatu baitu 18:30erako. Batzorde politikoak berretsiko du ondoren gaur zuzendaritzak hartzen duen erabakia.
PP alderdia ondotik kenduta, PSNrekin akordioak egitea eskurago izanen luke UPNk. Azken agerraldian “sozialista moderatuak” erakarri nahi zituztela ere aurreratu zuen Esparzak.
Erabakia berresten bada, eskuineko hiru alderdi aurkeztuko dira maiatzeko foru hauteskundeetara: UPN, PP eta Vox.