Gaur sinatu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek 20-24 urte arteko ekarpen ekonomikoa. Bere gain ez dituen eskumenengatik Espainiari ordaintzen zaion zenbatekoa da, eta momentuz oinarrizko urtearen zenbatekoa ezagutarazi dute. "510 milioi euro inguru" ordainduko dizkio Nafarroak Espainiari. Hala eman du jakitera Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak.
Eman duten kopurua 2020ko ekitaldiari dagokio. Nafarroak urte hartan ordaindu zuena baino 40 milioi gutxiago da, beraz, diru hori itzuli beharko du Espainiak. Inputazio indizea aldatu ote duten edo zenbateko hori nola egokituko duten hurrengo urteetan ez du argitu, ordea, gobernuak. Edonola, 2021eko eta 2022ko ekitaldiei ere eragingo die, eta Nafarroarako saldo positiboarekin doituko direla aurreikusi daiteke, baita 2023ko aurrekontuei dagokiena ere, gaur egun izapidetzen ari dena. Bosturtekoa adostu dute, eta hiru urteko atzerapenarekin iritsi da akordioa. Arratsaldean eman dituzte xehetasunak.
Maria Txibite Nafarroako presidentearekin batera eman du prentsaurrekoa Monterok, eta biek txalotu dute akordioa. Biek azpimarratu dute bi administrazioen arteko "harreman adeitsuarekin jarraitzea" ahalbidetuko duela akordioak. Pribilegiorik ez dela ziurtatu du Monterok, eta Nafarroa Espainiari leial zaiola, Txibitek.
Eguerdian bildu da Hitzarmen Ekonomikoaren Batzorde Koordinatzailea, eta mahai gainean beste gai batzuk ere izan dituzte: zeharkako zergen doikuntza fiskalak edo Nafarroak Espainiako hainbat planetan duen parte-hartze finantzarioa.