Ana Ollo: “Guk gure lana eginen dugu, errolda berritu; domina kentzea Remirezi legokioke”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko abe. 2a, 09:54

Nafarroako Gobernuak frankismoaren kolaboratzaile izandakoen zerrenda eguneratzeko lanak abiatuko ditu urtarrilean. 2016koa da azken errolda, eta Felix Uharte eta Miguel Javier Urmeneta ez daude zerrendan.

“Denak ziren 2016ko behin behineko erroldan, baina ez daude denak”, aitortu du Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak. Memoria historikoaren batzorde teknikoari plan bat aurkeztuko dio urtarrilean kontseilariak errolda berritzeko. Oinarrian hainbat txosten izanen dituzte. NUPek egindakoa, tokiko entitateenak, baita Espainiako Lan Ministerioak Felix Uharteri lan arloko merituaren urrezko domina kentzeko erabilitakoa ere. “Guk gure lana eginen dugu. Errolda zabalduko dugu, eta hortik aurrera dominak edo kale izendapenak kentzea izan daiteke ondorioa”, zehaztu du. “Edonola, Javier Remirez kontseilariaren ardura litzateke domina kentzea”, gaineratu du. 

2016an Nafarroako Gobernuak onartutako behin-behineko errolda da berrituko dutena. Orduko hark, besteen artean, NUPek egindako txosten bat izan zuen oinarrian. Unibertsitateak 29 izeneko zerrenda osatu zuen, non Felix Uharte eta Miguel Javier Urmeneta enpresariak ageri diren. Gobernuak, ordea, batzorde teknikoan txostena aztertu ondoren, horietatik hamahiru hartu eta beste zazpi teniente eta general frankista gehitu zituen. Uharte eta Urmeneta ez daude gobernuak onartutakoan. “Zintzotasun politikoz eta polemikarik gabe” egin zuten, kontseilariaren iritziz. “Ahots kritikoak ere baziren, baina aho batez onartu zen errolda batzordean. Sei urte pasa ondoren, 200 sinbolo kendu ondoren, harritzen nau sortu den polemikak”.

2014ean jaso zuen urrezko domina Uhartek

Azaroaren 11an ebazpen bat onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, gobernuari eskatuz “ahalik eta lasterren eta modu irmoan” berrikusteko Nafarroako Erakundeek frankistei egindako omenaldiak. 2014ean eman zion Nafarroako Gobernuak urrezko domina Felix Uharteri, Yolanda Barcina presidente zela, 1964ko Nafarroako Industria Sustatzeko Programaren bultzatzaile izateagatik. Miguel Javier Urmeneta diputatuarekin batera jaso zuen domina. 

Espainiako Gobernuak lan arloko merituaren urrezko domina kendu dio Felix Uharteri; eta halakorik eginen ote zuten galdetu zitzaion Elma Saiz bozeramaileari, azaroaren 9an. Ezetz erantzun zuen, saria kolektiboa izan zela eta Uharte NUPek 2016an egindako txostenean ageri ez dela argudiatuz. Hori ez da egia, ordea; eta hurrengo astean zehaztu zuen gobernuak onartutako behin behineko erroldari buruz ari zela, eta ez NUPeko txostenari buruz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!