"Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Aurrekontu Proiektuaren ondorioz, sektore publikoa BPG eta inflazioa baino gutxiago haziko da, eta horrek sektore publikoak pisua galtzea suposatzen du", adierazi du ELA sindikatuak. Kritiko azaldu da gaur gobernuak prestatutako proiektuarekin. "Zorpetzeari esker egokitu da aurrekontua, aurrekontuaren hamar eurotik bat zor publikoa eta itzaleko bidesariak ordaintzera doazenean dagoeneko. Egoera honen aurrean, errenta handiek eta enpresek ekarpen handiagoa egin dezaten erreforma fiskala egiteari uko egiteak murrizketa sozial berriak aplikatzea ekarriko du azkenean". ELAk nabarmendu du aurrekontuek UGT, CCOO eta CEN funts publikoekin finantzatzeko balioko dutela, "langile publikoak erosteko ahalmena galtzera kondenatzen diren bitartean".
Sindikatuak diop aurrekontua onartzeko eta erreforma fiskalik ez egiteko Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioak aurrekontu osoa ontzat ematea dakarrela, aurrekontuaren %0,26 baldintzatzearen truke. "Akordioan sinatzaileek diote bi aldeak ados daudela zerga arloan eta trantsizio ekologikoaren bultzadan aurrera egiteko beharrarekin. Baieztapen hori propaganda hutsa da, eta ez du zerikusirik Nafarroako Gobernuak garatzen dituen politikekin: AHTa eta Erdizko meategia bultzatzen ari den Gobernua da, eta legegintzaldi osoan bere neurri fiskal nagusia Enpresa Ondarearen gaineko zerga ezabatzea izan da".
Etsigarria da sinkatuarentzat UPNk alde egin zuenetik bigarren legegintzaldiaren amaieran politika fiskal berberak izatea. "Azken finean, ez Geroa Baik gidatutako aurreko koalizioak, ez PSNk gidatutako egungo Gobernuak, ez dute gutxieneko kontrakotasuna ekarri elite ekonomikoentzat, aberastasun handientzat eta lobby enpresarial eta erlijiosoentzat".
Guardia Zibileko agenteek Foruzaingoan sartzeko aukera jasotzea ere gaitzetsi du sindikatuak.